Marilo Lasa berriro oholtzan

Erabiltzailearen aurpegia alba 2016ko mai. 27a, 02:00

Marilo Lasa Garaño (Astigarraga, 1942) gaztetan, Urnietako Egi billa antzerki taldean ibilbide luzea egindakoa da; eta gaur egun ere ez zaio ilusiorik falta interpretazioaren munduan jarraitzeko. "Gabon Txirrita" antzezlanean, Txirritaren amaren paperean ikusiko dugu. Obra honetako aktorerik beteranoena da, eta adibide bikaina gazteagoentzat. Saroben, entsegu baten atarian hartu gaitu.

Noiz eta nola hasi zenuen antzezle moduko ibilbidea?
Marilo Lasa: Gazte nintzela, Urnietara etorri ondoren, 22 urte inguru izango nituen lehenengo antzezlana egin genuenean. Orduan, gutxi edo gehiago, denok elizaren inguruan ibiltzen ginen. Ni ere koroan abestera sartu nintzen, eta han lagun batzuk egin nituen. Maria Aizmendi ere han ibiltzen zen gurekin elizako koro hartan, eta berak esan zigun antzerki bat prestatu behar genuela. Gu, ordurarte sekula antzerkia egin gabekoak ginen, baina, berak bultzatuta ausartu ginen.

Gogoan duzu aurreneko antzezlan hura?
M.L.: Labaien tolosarrak idatzitako bat zela uste dut. Egi Billaren aurreneko lana izan zen. Neska baten paperean izan nintzen, erromerian nengoen nere lagunekin dantzatzera joana, eta mutil batzuk ezagutzen genituen. Orduan nuen adinerako egokia, kar, kar, kar.

Eta gustatu egin zitzaizun.
M.L.: Bai, eta Egi billa taldean jarraitu nuen 1968. urtean antzerkia utzi nuen arte. Obra batzuk egin genituen, oso giro polita zegoen gure artean, bestela lehenago utziko nuen.  

Herriz-herri ibiltzen zineten antzerki lanak eskaintzen. Nola gogoratzen dituzu ibilera haiek? 
M.L.: Gogoan dut zer giro polita zen hura! Oraindik ere harritu egiten naiz ibilera haietaz pentsatzen jartzen naizenean. Den-dena geuok egiten genuen, antzeztu, eszenatokia prestatu, askotan etxetik guk ekarritako arropa eta altzariekin.

Maria Arizmendi, nola gogoratzen duzu? 
M.L.: Oso txintxoak ginen, eta bere esanak ondo betetzen genituenez, oso atsegina izaten zen gurekin.

Nolakoa zen Urnietako gaztetxoek orduan bizi zenuten giroa?
M.L.: Aipatu dudan elizako koroa, soilik neskez osatutakoa zen, eta denok koadrilakoak ginen, besteak beste, mendira irtenaldiak egiten genituen. Gogoratzen naiz, behin, asto batekin igo ginela Adarra mendira. Herriko lagunarteko giro sano horretan oso eroso sentitzen nintzen.

Noiz itzuli zinen antzerkira? 
M.L.: 2008. urtean, Marizulo ikuskizunarekin bueltatu nintzen, eta oso gustura sentitu nintzen. Ondorengo bi ikuskizunetan ere parte hartu nuen, eta obra hau egitera ere bi aldiz pentsatu gabe apuntatu naiz. Gaztetan baino lotsa gehiago sentitzen dut orain. Gaztetasunak ematen duen ausardia edo ez dakit zer izango zen.  

Txirritaren ama zara "Gabon Txirrita" obran. Nolakoa da? 
M.L.: Oso eroso sentitzen naiz paperean. Txirritaren amak, alde batetik semea defenditu nahi du, edozein amaren moduan, bestetik, berriz, ezin du, semea den modukoa delako. Batzuetan haserretzen da, beste batzuetan kamelatuko du, engainatu, hobeto esanda. Ama gaixoa ikaratu xamar dago, pentsa, baserritik atera eta epaiketa batera etorrita.  

Taldeko giroa nolakoa da? 
M.L.: Horrelako lanak egitearen gauzarik onena hori da, denok borondatez ari garela, borondatea dagoen bitartean dena oso ondo joaten da. Diruarengatik ibiliko baginateke, behar bada, desberdin izango zen. Balore handia ematen diet horrelako herrilanei, eta aurrerago ere beste aukeren bat sortzen bada, gustura parte hartuko dut. 

Obra hau nolakoa dela esango zenuke? 
M.L.: Duela 34 urte taularatu zutenean ez nuen ikusteko aukerarik izan, beraz, orain ezagutu dut. Txirritaren bizitzaren zati bat dela esango nuke, bere alde bat erakusten duena. Gutxi gora-behera denok badakigu bertsolari parrandero bat izan zela, eta batez ere, hori da islatzen duena, baina sakonagoko begirada bat eginez gero, esango nuke, obra honetan azaltzen dela gizon jator eta atsegin bat ere. Bere modura, noski. 

Amona zara, zure bilobak etorriko al dira antzezlana ikustera? 
M.L.: Bai bilobak baditut, eta beraien interesa pizteko obra honetaz askotan hitz egiten diet. Pentsatzen dut haiek etorriko direla, eta beren ingurukoak ere bai. Hortik aurrera ez dakit gaztetxoengaino zenbaiteraino iritsiko den.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!