“Gabon Txirrita”ko jueza

Erabiltzailearen aurpegia alba

Gentzane Belaustegigoitia Izagirre (Laudio, 1967)  “Gabon Txirrita” antzezlanaren muina den epaiketako jueza izango da. Dagoeneko badu eskarmentua antzezle moduan. Urnietan, azken urteetan egin diren hiru herri ikuskizun handietako parte-hartzaile izateaz gain, antzerki tailerreko kide da. Martxoaren hasieratik, beste 30 urnietarrekin batera, entsaioetan buru-belarri murgilduta dabil.

Antzerkiak zer ematen dizu?
Gentzane Belaustegigoitia: Niretzat, antzerkiak osagai asko eta interesgarriak ditu, hala nola, xarma, magia, hausnarketa, helburuak, konfiantza, sormena, komunikazioa… Lan talde batean giza-grinak esploratzeko eta sentimenduak adierazteko edo eraldatzeko aukera ematen du. Pertsona bezala, hazteko eta hezteko lagungarria da.

Zein izan da orain arte zure aktore ibilbidea?
G.B.: Gogoan dut ikastolan antzerki lan batzuk egiten genituela. Ondoren, nerabezaroan, egin nuen lehenengo aldiz antzerkia antzoki batean. Enrique Jardiel Poncela dramaturgoaren "Eloisa está debajo de un almendro" obra izan zela ondo gogoratzen naiz. Eta hemen, Urnietan, 2008. urteaz geroztik nabil antzerki munduan murgilduta. Parte hartu nuen “Marizulo”, “Urnieta´59” eta “1936” ikuskizunetan. Horrez gain, Urnietako Antzerki Tailerrako kidea ere banaiz, eta urtero antzezlanak aurkeztu ditugu. Baita lagunarteko afarietan, herriko jaietan, Laudioko ikastolaren 25. urteurrenean, edota lantokiko inaugurazio eta beste hainbat ekintzetarako  ere sketx edo saio labur batzuk prestatu izan ditugu. Beraz, esan dezaket, antzerkia nire bidelaguna dela. 

Hainbat pertsonaien azalean sartu zara. Norekin geratuko zinateke?
G.B.: "Eloisa está debajo de un almendro" antzezlana aipatu dudanez, obra hori antzezterakoan egin nuen "Mariana Briones"ena aipatuko nuke. Hamazazpi urterekin egin nuen lan hori, eta nire lehenengo paper serioa  izan zen.
Talentua ala esfortzua, zer da garrantzitsuago antzezle batentzako?
G.B.: Nire ustetan, bien arteko konbinaketa izango litzake onena, baina, bizitutako experientziek erakutsi izan didate, gehienetan behintzat,  arrakasta pertsonaiari eskainitako denbora eta esfortzu pertsonalaren ondorioz iristen dela.

Zer sentitzen duzu agertokira irten aurretik. Eta agertokian?
G.B.: Agertokira irten aurretik, urduritasuna eta adrenalina. Esaten da, aktoreek antzerkia egiteko duten arrazoietako bat entzunak izatea dela. Ez dakit horrela den, baina behin agertokian nagoenean, gorputz eta ahozko expresioaren bidez, ikusleari, barrea, ezustea, beldurra eta beste hainbat emozio sentiarazteko aukera dudala badakit, eta gustuko dut erronka hori.  

Liburu bat, disko bat, film bat, antzezlan bat. Kontsumitzaile moduan, zer aukeratuko zenuke?
G.B.: Antzezlan bat aukeratuko nuke, zalantzarik gabe. Oholtza gainetik nahiz eserlekutik disfrutatzen dudan arte adierazpena baita. Eta antzokira ikusle moduan joandakoan ere, oso erraz sartzen naiz antzezlanaren barruan eta asko gozatzen dut.

Nolatan animatu zinen obra honetan parte hartzera? 
G.B.: Miren Gojenola eta Mikel Laskurain antzezlanaren zuzendariak etorri ziren proiektua azaltzera. Erakargarria iruditu zitzaidan, Txirritari buruzkoa, Xabier Leteren jatorrizko gidoiarekin, Urnietan eta Urnietako jendearekin gauzatua. Berehala eman nuen baiezkoa, eta oso gustura sentitzen naiz.

“Gabon Txirrita” lanean, protagonistatako bat izango zara: epailea. Garai beretsuan antzerki tailerrarekin beste obra bat prestatzen ari zarete. Horri guztiari aurre egiteko energia handia behar da. Nondik ateratzen duzu? 
G.B.: Bai, horrela da. Niretzako hobby bat izanagatik buru-belarri nabil antzerkiarekin. Nire lanbidea zenbakiei lotua dago, beraz, lanetik irten eta antzerkiaren mundu magiko horretan murgiltzeak ez nuke esango energiarik xurgatzen didanik, guztiz kontrakoa, energiaz kargatzeko modu polita da niretzako.

Baduzu erreferentziarik zure pertsonaian sartzeko garaian? 
G.B.: Antzezlan honetako jueza oso serioa ere ez denez ez dut kanpoko erreferentziarik eta zuzendariaren aginduak jarraitzen saiatzen naiz. Anekdota moduan esango dizut, juezaren paperean izango nintzela esan zidatenean, lehenengo entsegura datu batzuk eskuartean nintuela  joan nintzela, esate baterako, 1966an, emakumeek karrera judiziala aukeratu ahal izateko zuten debekua kendu zela; 1978an lehenengo juezak kargua hartu zuela; gaur egun, juezen %51 emakumeak direla... Hori guztia azaldu nienean, taldekideek pentsatu zuten ez nuela paper hau egin nahi.  

Obra honetan, besteak beste, bertsolarien artean eta sagardotegiko tertulietan duela laurogei urte erabiltzen zituzten espresioak agertzen dira. Hizkera hori erraza egiten al zaizu? 
G.B.: Obra honetan testua oso garrantzitsua da. Letek idazteko orduan, umore freskoa, atsegina eta ulerterraza erabili zuela esango nuke. Aberasgarria egiten zait sagardotegi inguruko hizkera hori, eta, baita, nire paperarengatik ikasten ari naizen auzitegietan erabiltzen den hizkera berezi hori ere.

Antzezlana talde lana izanik, zuen arteko "kimika" nolakoa dela esango zenuke? 
G.B.: Oso ona. Nerabezaroan  hasi eta jubilatuetarainoko adin guztietako pertsonak ari gara talde lanean, elkar aberastuz. Aniztasun eta desberdintasun guztien gainetik elkarlanerako dagoen giroa bizikidetzaren adibide ederra dela iruditzen zait.
 
Gazteak erakartzeko moduko obra iruditzen al zaizu? 
G.B.: Beraientzat ere erakargarria izan daitekeela uste dut. Iraganeko bizipenak agertzen badira ere, umorea da obraren osagai nagusienetako bat, eta osagai hori edozein adinetako ikusleentzat gustagarria da.

Nola konbentzituko zenituzke herritarrak ikustera etortzeko? 
G.B.: Txirritak berak aipatu zuen: "... Sartuagatik lurpian, nere aipamenak izango dira beste larogei urtian". Bada, pasa dira 80 urte bera hil zenetik eta hemen gatoz herritar talde handi baten artean prestatu dugun antzezlan entretenigarria eskaintzera. 
Ildo nagusia Txirritaren hainbat bizipenen bueltan doa, Xabier Leteren jatorrizko testuarekin eta Urnietako antzezleen parte hartzearekin... “Gabon Txirrita”k erakargarri izateko osagai guztiak ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!