Haritz Zubillaga "Txirrita"

Erabiltzailearen aurpegia alba 2016ko mai. 10a, 02:00

Haritz Zubillaga Astiasaran (Anoeta, 1979) hiru urte zituela Urnietara bizitzera etorri zen, familia osoarekin batera, eta azken lau urte hauetan Zizurkilen bizi bada ere, inoiz ez du herriarekin loturarik galdu. Azken boladan, antzerkigintza alde batera utzita bazuen ere, berriro eszenatokira itzuliko da "Gabon Txirrita" antzezlanarekin. Gogo biziz ari da entsaiatzen irailean taularatuko den obra.

Orain arte zein lan egin dituzu antzezle moduan?
Haritz Zubillaga: Egape ikastolan antzerkitxoren bat edo beste egiten bagenuen ere, ez daukat oso gogoan zer egiten genuen. Gero heldutasunean, Urnieta´59 obra izan zen nire lehen lana. Hura bukatutakoan, antzerki tailerrean hasi nintzen, eta han, kurtso bukaerako emanaldi batzuk eskaini genituen. Azkenik, 1936 obran parte hartu nuen.
     
Txirrita bertsolaria da protagonista. Ezaguna zenuen lehendik?
H.Z.: Bai, bertsolaritza txikitatik gustatu izan zait, beti jarraitu izan dut, “Hitzetik hortzera” telebistako saioaren bidez eta zuzeneko emanaldietan. Etxean ere, beti eduki izan ditugu bertsolaritzaren inguruko liburuak, besteak beste, Txirritari buruz Antonio Zavalak idatzitakoa. Beraz, Txirrita, eta bere mundua ezaguna egiten zait.
 
Ezaguna zara herrian zure umore onagatik, nola sentitzen zara Txirritaren paperean, identifikatzen al zara berarekin?
H.Z.: Egia esan, oso eroso sentitzen naiz paper honetan. Azkenean, Txirrita parrandero fama zuen bertsolaria izan zen, eta niri ere gustatzen zait, behar denean, parranda egitea, eta bertsoak ere asko. Hala ere, nik ez ditut inoiz pasa bi edo hiru egun tabernatik batere atera gabe, hark egiten zuen moduan, kar, kar, kar.
 
Txirritaren hainbat bertso kantatu beharko dituzu obra honetan, hori zailtasun erantsi bat izango al da zuretzat?
H.Z.: Hamahiruren bat bertso kantatu beharko ditut bai, eta zalantza daukat doinu guztiak gogoan hartuko ote ditudan, baina, oraindik denboraz nabil. Bestela, bertsoak abesteak ez dit aparteko kezkarik sorrarazten. Koldo Tapia, antzezlan honetan taldekide duguna eta bertsolaritzan aditua denaren laguntza ere jasotzen ari naiz.

Txirritarena orain arte egindako lanik exijenteena al da?
H.Z.: Niretzat bai. Eszena guzti-guztietan, obraren hasieratik bukaeraraino agertokian presente egongo naiz. Azkenean, esaldi bakoitza noiz sartu behar dudan jakiteko ia-ia obra guztia buruz ikasi beharko dut.

Zizurkilen bizi zara. Nola moldatzen zara entsaioekin?
H.Z.: Egia esan, topera nabil. Aste honetan, adibidez, hiru egunetan izan dut entsaioa eta denbora libre guztia okupatuta daukat. Kirolean ere banabil, triatleta moduan, eta horrek ere entrenamendu ordu asko eskatzen baitit.

Orduan, parrandarako denbora askorik gabe zabiltza...
H.Z.: Horrela da, oraintxe bertan, parranda-giroa alde batera utzita daukat.

Antzezlana talde lana izanik, nola ikusten dituzu taldekideak?
H.Z.: Gure artean oso giro ona daukagu. Azken batean, parte hartzaile guztiak urnietarrak garenez, eta aurrez ere neurri batean edo bestean antzerki lanen batean parte hartu izan dugunak, denak ezagunak gara; harremana ona da, beroa, gertukoa. Ondo moldatze horrek asko laguntzen digu eta entsaioetako ordu luzeak arin pasatzen dira horrelako konpanian.

Zuzendariak, guretzat berriak izan arren, oso alaiak eta gertukoak dira eta berehalaxe txertatu dira taldean. Nolako Txirritarekin aurkituko da ikuslea?
H.Z.: Antzerki obra honetan agertzen den Txirrita, batez ere, pikaro-parrandero-alper moduan hartutako pertsonaia  da, bere alderdirik "txarrenak" agerian jarriz edo nabarmenduz. Eta berak bazituen beste ezaugarri batzuk obra honetan azaleratu gabe geratuko direnak.

Aipatu iezaguzu Txirritaren beste alderdiren bat...
H.Z.: Txirritak ez omen zekien idazten, eta bere bertsoak paperera bere iloba batek pasatzen omen zizkion. Iloba horri esker iritsi zaizkigu Txirritaren horrenbeste bertso. Garaiko gai sozialei buruz oso informatuta zegoen gizona zen, eta hori dela eta ez zen soilik Gipuzkoan ezaguna, Euskal Herri osoan, eta gure mugetatik kanpo ere nahiko ezaguna egin omen zen. Gerraren hasiera hartan, esaten dutenez, Francoren tropak ere bere bila joan omen ziren, hilabete eta erdi aurretik hila zela jakin gabe, nonbait.

Antzerkiak zer ematen dizu?
H.Z.: Orain, egia esan, kirol munduan oso murgilduta nabil. Eta horregatik antzerki tailerra utzi egin nuen. Obra hau gustura hartu dut, gustatzen zaidan gaia delako, baina, denbora asko kentzen dit eta presaka eta korrika ibili behar izaten dut batetik bestera. Halare, taldeko jendearekin oso ondo moldatzen naiz, eta antzerkia eginez ondo pasatzen dudala ezin uka.

Nola konbentzituko zenituzke herritarrak obra hau ikustera etortzeko?
H.Z.: Bertsolaritza eta euskal kultura oro har garai batean nola izan zen eta orduko bertsolarien mundua, sagardotegietako giroa, eta abar, obra honetan ondo islatuta daudela esango nuke. Txirrita, azken finean hemen gure inguruko pertsonaia zen eta interesgarria dela iruditzen zait haren bizitza eta ibilerak ezagutzea.

Kirola aipatu diguzu, zertan zabiltza orain?
H.Z.: Hirugarren urtez triatloia egiten ari naiz, baina, negu partean triatloi frogarik egoten ez denez, duatloiak eta mendiko lasterketak egiten aritzen naiz, eta iaz baino hobeto sentitzen ari naiz. Egin berriak dituk Orioko eta Zestoako mendi lasterketak, Sopelako duatloia, Ernioko igoera.
Urnietako mendi lasterketan parte hartuko dut. Mikel Legarreta lehengusuarekin batera ibiltzen naiz, hark dena kontrolatzen du eta. Urnietan ere, azken urteetan zaletasun handia sortu da, Jokin Lizeaga bezalako figura batek asko lagundu du horretan, eta ikusi besterik ez dago zenbat jende dabilen mendiko lasterketatan. Zanpatuz mendi taldea ere sortu berri da. Pozgarria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!