Donostia 2016ko "Bakearen Itsasargia" proiektuaren baitan kokatu dute “Gabon Txirrita” antzezlana, besteak beste, pasa berri den Stop War festibala, edota laster inauguratuko den Bake-ituna deituriko erakusketa bezala. Proiektu horren baitan eskaintzen ari diren kultur adierazpen guztiak, bakea, giza eskubideak, giza duintasuna, identitatea, elkartasuna, bezalako hitz-gakoetan oinarritzen dira.
Nola iritsi zen “Gabon Txirrita” antzezlana Donostia 2016ko antolakuntza talderaino?
Xabi Paia: Donostia 2016k bere programazioa lantzerakoan, gai nagusia, elkarrekin bizitzeko kultura da, horrek esan nahi du, bertan parte hartuko duten proiektu denek sustatu behar dituztela balio eta gogoeta batzuk, edo hautsi behar dituztela gaur egun ditugun hainbat aurreiritzi, etorkizunean denok hobeto bizi gaitezen. Horretarako, programak egitura bat dauka, beti ere, kulturatik, artetik, begiratuta. 2016ko hautagaitzatik presente genituen, adibidez, Shakespeare eta Cervantes, aurten betetzen delako bien heriotzaren 400. urteurrena. Eta hemen bizi garenontzako biak kultur erreferentzia argiak dira. Baina, elkarbizitza sustatu behar baldin badugu, ezin dugu ahaztu, badela euskal erreferentzia bat ere. Ez daukagu 400 urteko efemeriderik. Kasu honetan, baina hainbat jenderekin lanean ari garenez, horien artean Joxan Goikoetxearekin, beregana informazio bila jo genuenean, berak eman zigun Xabier Letek idatzitako “Gabon Txirrita” obraren kopia bat.
Eta nola justifikatzen duzue programazioan txertatu izana?
X.P.: Inesak eta biok irakurri genuen. Ikusi genuen zein interesgarria den Letek planteatzen duen epaiketa, nola juzgatzen den Txirrita. Obra honetan, neurri handi batean, tradizioa epaitzen da. Txirrita maitatua da, pertsonaia bat, bere aipamenak 80 urtetan izango zirela esan eta aski gaindituko duena. Obra honek, XXI. mendeko euskaldun batek ezagutu behar dituen hainbat balio uztartzen ditu. Horrelako perla bat nola ez dute ezagutzen laurogeitik aurrerako belaunaldiek? Memoria eta belaunaldien lotura lantzen du. Eta horri erantsi behar diogu, Lete eta Txirrita presente egotea. Gaur egun, Euskal Herrian ehuneko ehunean bizi nahi duen norbaitek bere kultur erreferentziatan Shakespeare eta Cervantes bezala, Txirrita ere izan behar du.
Zer nolako bidea egin du gaurdaino?
X.P.: Bide luzea egiten ari da. Gabon Txirrita ingelesez azaldu berri dut Bruselan. Aipatuaz herri antzerkia, eta urnietarrak nola ari diren lan horretan, eta bestetik, Leteren obratik abiatuta Bernardo Atxaga idazten ari den obra berria. Donostian ere, ahalegin berezia egingo dugu honen berri emateko.
Ez al zaizue iruditzen Donostiar dexenterentzako Txirrita ezezagun bat dela?
X .P.: Txirrita izeneko kalea daukan hiriburu batez ari gara. Euskal historialari batek aztertu nahi baldin badu bertso idatzien bidez XX. mendean gizartea nolakoa zen, ezingo du Txirrita aipatu gabe egin. Kubako gerrari buruz euskaraz idatzita dauden erreferentzia nagusiak bereak dira, beste gauza bat da horri bakoitzak zer balio ematen dion. Gurea ateak irekitzeko proiektu bat da, eta besteak beste, jendeari erakutsi beharko diogu nor den Txirrita.
Argi zenuten antzezlana Urnietako herritarrekin egitekoa zela?
Inesa Ariztimuño: Leteren hasierako ideiarekin bat egin nahi izan dugu. Bagenekien Urnietan bazegoela nahiko jende antzerkira bideratua. Aurreko herri-antzerkietan parte hartutakoak eta abar, hori berreskuratu nahi genuen, jende berriari irekita, eta duela 34 urtekoarekin lotura galdu gabe. Ez genuen inoiz pentsatu, Urnietan ezetz esaten badigute nora joango gara? Ez genuen hori kontenplatu, ezta hipotesi gisa ere. Zuzentzeko ere, euskal antzerkigintzari lotua eta Urnietan sarrera zentzuzkoa edukiko zuen norbait nahi genuen; Miren Gojenola eta Mikel Laskurainek baiezkoa eman izanak lana asko erraztu digu.
Zergatik Donostiako Euskal Jaietan eta Trinitate plazan?
X.P.: Euskal Jaietan kokapen egokia ikusten genion, eta berehala, antolakuntzakoekin hitz egin genuen, eta oso erraza egin zaigu. Nahi duguna da, ahalik eta jendetsuena izatea, eta gogorarazi diezagula Txirritaren plazako jarduna, nahiz eta saio gehienak sagardotegian egingo zituen. Txirritaren esentzia hori ere presente izatea nahi genuen Leteren letren bitartez bada ere.
Obrak ba al du gaurkotasunik?
I.A.: Jorratzen diren gaiak badute gaurkotasuna, baina, ez dugu ahaztu behar duela 40 urte idatzitakoa dela, eta orduko testuingurua kontuan eduki behar dugula. Epaiketan giza eskubideak oso presente daude, ikusi besterik ez dago nola tratatzen diren emakumeak edo andaluzak. Gaur egun ere bizi ditugu antzeko arazoak migratzaileekin. Elkarbizitzaren inguruko gogoeta bat ere sorrarazten du.
Aurreikusitako Donostiako eta Urnietako emanaldiez gain, besterik izango al da?
I.A.: Bi emanaldi horiek eskatu dizkiegu, hortik aurrerako ibilbidea taldearen esku geldituko da. Prestakuntza lan guztia eginda egongo baita. Gure aldetik ikusten genuen borondatez lanean ari den talde bati ezin geniola, adibidez, 10 emanaldi eskaintzeko konpromisoa eskatu.
Leteren obratik abiatuta Bernardo Atxaga obra berri bat idazten ari dela aipatu duzue.
X.P.: Bai, Letek idatzitako obra oinarri hartuta, obra berri bat idazten ari da, badakigu, Leteri buruzko informazio bila Urnieta erdia mareatu duela. Oso aurreratuta dauka, eta hori ere urtea bukatzerako antzerki talde profesional batek taularatuko du. Interesgarria iruditzen zaigu Atxagarena ikusiko dutenek, aurrez obra hau ikustea. Bi hanka horiekin osatutako proiektua baita.
Gaurko entsaioan izan zarete, zein inpresio jaso duzue?
X.P.: Taldearen poza eta inplikazioa benetan txalogarria da. Pentsatzen nengoen, Urnietako zenbat sukaldeetan sortuko diren elkarrizketak honi buruz.”Nik ikusi nuen, ni egon nintzen...”, proiektu honek zenbat onura eragiten duen hemendik urte batzuetara jabetuko gara.