Hartu aizkora. Kontuz ibili, pisu handia du-eta. Hartu bi eskuekin. Indarrak batu eta ipini bizkar gainean. Gogor eutsi eta, barren-barreneko kemenez, egin gogor enborraren kontra, behin eta berriz. Saia zaitez, aldiro, leku berean kolpatzen; dena den, jabetuko zara, ahaleginak ahalegin, aizkora-ahoaren zorroztasunak erabakiko duela ebakiaren sakontasuna. Koldo Mitxelenak esan omen zuen hobe dela aizkora itsusia eta zorrotza izan, polita eta kamutsa baino. Bada, euskarak, aizkorak legez, ebaki egin behar du, eraginkorra izan behar du.
Bi urterik behin, galdu ezinezko hitzordua bilakatu da, orain lau hamarkada, askok zentzugabekeriatzat jo zutena, KORRIKA. Hala ere, zoramenak ere badu zoragarritik: bide maldatsuetan gora, zenbaitetan; bidegurutzetan barrera, beste hainbestetan. Baina beti lekukoa eskuan. Aitzitik, mundua geldiarazi duen zomorroa ere ez da oztopo izan euskararen alde inoiz egin den jaialdi garrantzitsuena burutzeko eta, bide batez, euskaltegien alde aritzeko. Berrasmatzen jakin du AEK-k, eta zazpi probintziak zeharkatu ezin izan arren, makina bat txokotako kaleak aldarrikapenez betetzea lortu du: argazki ederra utzi zigun martxoaren 28ak, “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!”.
Akatsa litzateke hizkuntzaren aldeko borondatea urteko egun zehatzetan soilik azaleratzea; izan ere, horixe behar du, egun, AEK-k: herritarren bultzada. Oker gabiltza euskararen alde dugun egiteko bakarra Ahobizi eta Belarriprest txapak paparrean eramatean oinarritzen dela uste badugu; edota kontzientzia lasaitzen badigu, petoa jantzita, hainbat kilometroz, karriketan korrikan, korrika karriketan aritzeak.
Orain mende erdi mahaigaineratu zuen Rikardo Arregi andoaindarrak helduen euskalduntze eta alfabetatze eskolen garrantzia, eta oraindik ere horien premiaz bizi gara. Euskal hiztunok euskara behar dugun horrenbeste behar gaitu gu euskarak, eta, ondorioz, baita hizkuntzaren beraren babesle zein sustatzaile direnek ere. Zuloa eragin du pandemiak AEKren poltsikoetan, eta gure laguntza behar du orain, hamarkada luzez osatutako amarauna ehuntzen jarraitzeko, euskararen aizkorak enborra gogor kolpatzeko. Bultzada behar dute zoro zoragarriek, gu guztion mingainak zorrozten jarraitzeko; finean, euskararen arnasgune, txorroskilo izateko.