Oroitzapen kolektibo baten jostun

Erabiltzailearen aurpegia Alba Cabrera Jauregi 2021ko mai. 7a, 10:05

Mexikon, Txiapasen ginen lagunak orain hiru urteko abenduan. Goizeko lauretan esnatu ginen, gintuen Berri Txarrak taldeak: salgai ziren jada azaroaren 23rako, azken kontzerturako sarrerak. Ahaleginak ahalegin, kale egin zigun zorteak. Eta esku hutsik lokartu ginen arren, azkenean, nola edo hala, joteko aukera izan genuen. Navarra Arenan elkartu ginen azaroaren 22an eta 23an makina bat zale, hirukoteak azkenekoz esateko zituztenak entzuteko prest. Bederatzi hilabete frenetikoren ostean, azken geldialdia egin zuten etxean, non bestela.

Jende askoren emozioei hitza jarri die Berri Txarrak taldeak. Eta inor bidelagun izan badute 25 urteko bidaian, mikrofonoaren beste aldeko zaleak izan dira horiek. Beraz, jarraitzaileei gorazarre egin asmoz, orain pare bat hilabete, “Dardara” dokumentala kaleratu zuten, Marina Lameiroren gidaritzapean. Iragan igandean egon zen ikusgai Urnietan, Saroben. Izan zitekeen mende laurdeneko sentipenen bildumaren kontaketa, baina hirukoteak nahiago izan du urte horietan guztietan zaleengan utzitako arrastoaren erretratu sakona egin.

Berri Txarrak taldearen jarraitzaileen hitzek osatzen dute dokumentalaren bizkarrezurra, baina hirukotearen melodiekin dardarka ipini den edonork egin litzazke bere protagonisten hitzak. Eta Gorka Urbizu da dokumentalean lekukotza horien ehule, oroitzapen kolektibo baten jostun, Alemaniako haize hotz lehorretik hasi eta Mexiko Hiriko hezetasunera bitarte.

Nola agurtu azken aldiz ia belaunaldi oso baten lelo bihurtu diren abestien letrak, akordeak? Amaierara iritsi—edo beste hasiera bati ekin— aurreko azken pausoaren kontaketa da ‘Dardara’; Gorka Urbizuren hitzetan, “haria eten aurretik ihes egiten duenaren nolabaiteko beldurrak” kontatzen dira, alegia, “intimotik kolektiboraino doazen argi-itzalak”. Berri Txarrak taldearen kontzertu orok lez, biharamun emozional ederra uzten du dokumentalak, gaurik eroenaren osteko aje gozoenaren parekoa. Hirukoteari zaila egingo zaio oraindik ere esplikatzen guztia eman ondoren geratzen den sentimendu hori. Kantu askok ireki dizkigute zauriak, baina beti gitarra astintzen, mezuak zabaltzen, harro daudenak apaltzen eta ilusioak eraberritzen; zuek bai zuek jainko ateoak! Eta jakin, jakin badakigu isildu bazarete ez dela hitzik ez duzuelako. Horrenbestez, nahi duzuenera arte, hirukote! Bien bitartean, jarraituko dugu “beste bat, beste bat, beste bat...”, beharbada, sekula berriro ere biziko ez dugun beste kontzertu baten zain. Carpe noctem!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!