Lau aulki, lau mikrofono oholtzaren erdian: Irati Zinkunegi gai-jartzaile urnietarra eta hiru bertsolari; ezker-eskuin Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal. Erretratu horixe bera utzi zuen urteko azken igandeak Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean. Hilabete lehenago behar zuen hitzorduak, baina kultur-jarduna eten egin zen egoera epidemiologikoa medio. Alabaina, loturiko egitarauari irmo, antzokia betetzeko konpromisoa erakutsi zuen Poxta Zahar elkarteak plazak hain hutsak egon diren garaiotan.
Egunerokotasunaren irakurketa egin zuten bertsolariek kantuan, eta koronabirusak gurean utzitako arrastoa ezin uka daitekeenez, saioan ere izan zuen tartea pandemiak. Hala ere, Zinkunegik ondo baino hobeto eutsi zion gaiari, eta originaltasunez erreparatu zioten bertsolariek bat-bateko ariketan. Horrez gain, hainbat gorputzen azalean ipini zituen urnietar gazteak kantuan protagonistak. Ama batek zazpi urteko alabari mastubrazioa eta klitoria zer diren azaltzen ikusi genituen, baita etxe bila dauden gazteak beren etorkizunaren gainean eztabaidan entzun ere. Gainera, efemeride bati gorazarre egin zioten, Lurdes Iriondori, hain zuzen. Behar bada, abeslariaren heriotzaren hamabostgarren urtemugan herrian egindako omenaldi bakarra eta ederrena izan zen igande hartakoa. Hiru emakume bertsolari, plazan arrastoa utzi zuen beste emakume abeslari batez bertsotan.
Barrerako beta eman zuen hitzorduak, eta zaleen algarak entzuteaz gain, izugarri aberastu zuen saioa bertsolarien arteko konplizitateak. Nor bere itxialditik, plaza hutsetik jardun zen, zomorroak utzitako zametatik naiz bermatutako aukeretatik. Sarritan hitzez adierazteko zaila den hori kontatu zuten kantuan. Bertsolarien bat-batekotasunak betikotasunetik atera zituen entzuleak, eta neguko hotzak urtu zituzten bertsoek, doinuen eta errimen epeletan.