Bi aulki gorri dira “Erradikalak ginen” obraren abiapuntua eta bizkarhezurra. Batean, Beatriz Egizabal umoregilea; bestean, Ane Labaka bertsolaria. “Bigarren aldiak inoiz onak izan ohi ez direla diotenei aurka egitera” etorri ziren joan den asteko ostiralean Sarobe arte eszenikoen gunera. Feminismoak dituen hamaika eztabaidak oinarri, umoretik eta errimetatik abiatu ziren, baita beren erraietatik eta eskarmentutik ere, gizarteko auzien erroetara jotzeko.
Argiztatuta zegoen aretoa, artistek publikoa ikusi ahal izateko. Hala ere, nahikoa zen begiak itxi eta entzumenari bide ematea, izan ere, obra hasi eta segundu gutxira hartu zuten barre algarek antzokia. Neska gazte promesa izateaz, menopausiaz, gorputzen narriaduraz eta beste hainbat gaiez mintzatuz eman zioten hasiera solasaldiari. “Neu ere zikin sentitzen naiz hilean behin”. Hankartean ispilu bat jartzeko beta ere eman zuen hitzorduak, besteak beste, ileez, aluaren zimurrez eta zoru pelbikoaz hitz egiteko. Bigotea jantzi eta “ona ona, baino gizona” delakoen azalean aritu ziren bertsotan, baita leihaketa bat egin ere, ea bietatik nor den feministagoa ikusteko. Baina dena ez zen kanpora begirako kritika izan: beren zilborrei begira ere ipini ziren bi kideak. Botere-harremanen dikotomiaz hitz egin zuten, zapaltzaile eta zapaldu izatearen arteko hartu-emanaz, alegia.
Galderen erretorikaz auzi korapilotsuak mahaigaineratu zituen Egizabalek; inuzentekeriatik, “kontuan hartuta, galdera horiek ez dituela inuzente batek egiten”. Labaka, umorearen kontrapuntua izan zen; errimen bidez zer hausnartua eman zion publikoari, oilo-ipurdia ipintzeraino, hunkitzeraino.
Ez zuten nahi ikuskizunean aipatutakoak egia absolututzat hartzea, “gugan kilimak sortzea” baizik. Eta ondo baino hobeto bete zuten hitza; inork gutxik zukutu litzake halako gai sakonak bikotearen gisan, seriotasunaren eta umoregintzaren arteko elkarrizketan. Eskerrak erradikalak izan ziren, diren eta izaten jarraituko duten. Eskerrak.
Pd. Ez da kasualitatea emakumezkoa izatea hizpide izan dudan obra ikustera doan gehiengoa. Atera kontuak, irakurle.