Gainezka egiten du: isunak, publizitatea, fakturak nahiz esku-orriak, nonahi. Astekaria ere bada tartean, tokiko hedabidearen astekaria, azaleko begirada batekin errepaso azakarra ematen diozuna (izenburuak irakurtzearekin nahiz argazkiak ikustearekin nahiko, ezta?); etxera igo eta aurreko zenbakien alboan pilatzen duzuna, hotz egiten duenean sua egiteko; edo egun euritsu batean mela-mela eginda dauden zapatetan sartzeko baliagarria dena.
Bada, modu pausatuagoan irakurriz gero, jabetuko zara, titularretatik eta irudietatik harago, badirela elkarrizketatzaileak eta elkarrizketatuak. Zure etxe ondoko kultur aretoak antolatutako agenda-hitzorduak, iritzi-artikuluak zein kronikak. Aspaldi ikusi ez duzun herrikidea, eta, mende erdiko ibilbidearen ostean, itxi egin behar izan duen zapata-dendaren jabearen lekukotza. Are gehiago esango dizut, ikusiko dituzu hitzen joan-etorrian kazetariaren buruhausteak, boligrafo gorriz zuendutako esaldiak, puntu bilakatutako komak, edo koma bilakatutako puntuak, baita errataren bat edo beste ere (sentitzen dut; ez, ez gara perfektuak).
Ez da lan makala orrialde-sorta hori zure eskuetara iristea. Gaia aukeratu, zein ikuspegitik jorratuko duzun erabaki, informazioa bildu, interpretatu, deiak egin eta kalabazak jaso, hitzartu, galderak egin, erantzunak bildu (zenbaitetan, euskarara itzuli), orrira egokitu, maketatu, berrirakurri, zuzendu, zuzendu, zuzendu, inprimatu eta banatu. Eta ibilbide gorabeheratsu hori guztia, etxeko atarian pauso bat aurrera emanda, zure inguruan gertatzen denaren berri izan dezazun, jakinaren gainean egon zaitezen, bat etorri zaitezen edo bidegabekeria hutsa dela salatu dezazun.
Tokiko hedabideek herritarrak behar dituzten horrenbeste behar dituzte herritarrek tokiko hedabideak. Babestu dezagun, horrenbestez, gurea dena, ondoan dituen fakturei, isunei eta esku-orriei begiratzen diezuna baino miresmen handiagoz erreparatzea merezi du-eta hainbesteko mimoz eta izerdiz etxeratzen zaizun astekari horrek.
__