Bi astez, txapa paparrean jarri eta, aurrera: ahobizi izan zaitezke, ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko uneoro, baita belarriprest ere, dakitenek zurekin euskaraz egitea nahi baduzu, nahiz eta zu ez izan beti gai erantzuna euskaraz emateko. Ariguneak ere izango dira aurtengo edizioan, alegia, euskaraz, nahi bezalako doinu eta neurrian, jarduteko espazioak.
Hamabost egunez, guztiok lehen hitza euskaraz, guztiok gure hizkuntza komunitate txikiaz harro, guztiok ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz, erronkari ondo baino hobeto erantzuteko prest. Etorri bezala, joan egingo da, baina. Eta, orduan, zer? Zer gertatuko da euskararen ustezko erakusleiho aberatsarekin? Non geldituko da euskarazko lehen hitza, harrotasuna, ilusioa ardua, gogoa eta emozioa? Inork emango al dio jarraipena ariketari?
…………..Isiltasuna. Horixe da jaso duena, Nafarroako Gobernuaren partetik, Larragako guraso talde batek, herriko San Miguel eskolan, datorren ikasturteari begira, D ereduko ikasgela bat ipintzeko eskatu duenean. Erantzuna? Hutsa, isiltasuna, Hezkuntza Departamentuaren aldetik.
“Prekarietatean” bizi dela salatu zuen orain dela aste batzuk Iparraldeko AEK-k, eta erakunde publikoei dei egin die: instituzioen diru-laguntza eskasa ez da nahikoa, eta, ondorioz, koordinakundeak jakinarazi duenez, langileen soldatarekin konpentsatu behar dute zulo hori, lan-baldintza ez duinen norabidean. Bien bitartean, “Brebeta eta Baxoa, euskaraz!” diote, oraindik, Iparraldean.
Euskal Telebistako lehen kateak ez du pelikularik emititu uda honetan
–maiatzean, ekainean, uztailean nahiz abuztuan–, Berria egunkariak aditzera eman duenez; erantzun azkarra EITBko zuzendaritzatik: 2023ari begira, liburutegi digitala osatzen ari direla eta emisio linealak oso audientzia txikia duela. Ez da, ordea, inertzia bera ikusi ETB2 katean, izan ere, aipatu egunkariak berak jakitera emandako datuen arabera, 30 film inguru emititu ohi ditu bataz beste hilean.
Halaber, bolo-bolo entzun zen hedabideetan pandemiaren biharamunean Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako 5 milioiko diru-laguntzaren afera, CIESen eta interneteko audientzien arabera banatua: eguneroko prentsa idatziari nahiz irratiari bideratu zen, eta % 93,4 gaztelaniazko komunikabideei zuzendu zitzaien. Non gelditzen dira gainerako guztiak? Non gelditzen gara gu, besteak beste, tokiko hedabideak?
Inolako pisurik kendu nahi izan gabe, zoragarria da, Euskaraldia amu gisa, hamabost egunez, hiztunen mingainetan euskara dantzan ikustea. Baina, zaharrak berri gurean…
Horrenbestez, izan dadila abiapuntu Euskaraldia, irakurle, luzera begirako lasterketa eta erronka honetan, suteak neguan itzaltzen omen dira eta.