BTN finala 2022

Bederatzigarrena

Erabiltzailearen aurpegia Alba Cabrera Jauregi 2022ko abe. 23a, 09:36

“Honela dio ganbarako lanak: irribarre konplizea egin diozue elkarri”. Zortzi irribarre konplize entzun genituen Nafarroa Arenan, baita, Euskal Herriko makina bat egongelatan, arreta bertsoari itsatsita zuten etxeetan ere.

Zortzi bider amu berbera, banaka-banaka kartzela izan ohi zen ganbaratik atera eta, donezaka milaka aurpegiren aurrean, isiltasuna apurtzeko.

Nork bere doinua eta neurria ipini zion irribarreari: bertso-eskolan dabilen neskatila batengana joan zen errima lehenik, eta dibortziatu den amaren zein bere alabaren hartu-emanera egin zuen jauzi ondoren, ilunabarreko Bidasoa ertzean lur hartzeko. Izara artean sartzeko beta izan zuten melodiek, lehen aldietan nahiz bigarren lehen aldietan arnasa estutu, eta, Abandon, metrora igotako fatxa bagoitik kanporatu baino lehen.  Zaintza-lanetan murgildua den kolonbiarraren eztarritik irten zen azken aurreko irribarrea, eta eskolako patio trabatsuan amaitu zuen ariketak.

Dena dela, izan da bederatzigarren irribarre konplizerik, txapelketak iraun bitartean, emakume bertsolarien artean luzatu den ahizpatasun begiradarik. Hamaika ate jo eta hara sartzeko gonbitea egin digute irailaren 24an hasi zen bidexkan abiatu ziren hamabost bertsolari emakumeek, eta, maiz, gainera, modu biluzian, bakoitzak bere eztarri urratutik. Errima berriak txertatu dituzte, eta, mikrofonoa zorroztuta, azala tentetzerainoko kantuak xuxurlatu belarrira.

Kemenez luzatu dituzte hankak, gai-jartzailearen erronkari eusteko, jakinda, gibelean utzitako aulki-lerroan duten babesa, jakinda, irribarre konplizea jasoko dutela bueltan, ariketa egin, itzuli erdia eman eta berriro beren aulkian esertzeko bidea hartzen dutenean.

2017ko argazkia errepikatu zen iragan igandean, orain bost urteko ahots berberak etxeratu baitzuen txapela. Aurtengo erretratua, ordea, bide-urratzaileagoa izan da: “Gauzak gertatu daitezkenean gertatzen direla nago, beti gertatu behar zuketena baino beranduxeago”, zioen Lujanbio irabazleak bertsogintzaren soka-tiraren erakusleihorik handienean, finalean, batu zitzaizkion bi konplizeak txaloka zituela: amaierako agurrean, eskerrak eman zizkien Alaia Martin Etxebestek bidea harekin batera egin dutenei, baita, ahalduntzeko ariketan, sare bat josi duten guztiei ere. Beti bezain elegante abestu zuen Nerea Ibarzabal Salegik…

Maialen badakin zer den

historia irutea

merezi dun Olinpora

sorbaldetan erutea

eskertzen dut pentsalari

feministen bertutea

militante euskaltzaleek

nekaezin jardutea

denontzat edertasuna

duintasuna ta arkupea

erretako mundu honek

sarri saltzen digu kea

guztia denean bortxa

presa ta diru-trukea

ekintza iraultzaile bat

da elkarri entzutea.

 

Hazi ederra erein dute txapelketa honetan. Irrikitan, jada, zein nolako uzta oparoa datorren ikusteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!