Atzerrian onartu zuten Bixente

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Pia 2017ko ots. 8a, 01:00

Gaurkoan ariketa txiki bat egingo dugu. Pentsa dezagun argazki batean. Izan dadila atzerritik datorren  dozenaka pertsona azaltzen den argazkia. Oraingoan, guzti horien artean mutiko bat irudikatuko dugu. 20 urte ditu, ile beltzarana, begi argiak, biboterik ez eta bizar gutxikoa, altuera eta gorputz arrunta, ez altua ezta baxua ere,...

Dagoeneko ziur naiz zuen buruetan Siriatik datozen hainbat gazteren aurpegiak topatu dituzuela. Bestela bilatu interneten, zientoka daude. Denak bizitza hobe baten bila beren etxetik joanda. Edo, bizitza baten bila, besterik gabe.

Horrelakoxea zen Asteasuko Bixente Lizaso Irazusta gaztea 1924 urtean Montevideora joatea erabaki zuenean. Artxiboan topatu dugun dokumentazioaren artean badaude hainbat datu kurioso. Batetik, ikusi dugun bezala, bere deskrinapen zehatza (estatura regular, corpulencia regular,  pelo castaño, cejas castañas, bigote no tiene, barba poca, frente regular, ojos claros,...). Agirietan argazkia erantsi ohi zen, aurpegiarena soilik; beraz, deskribapen osoa eranstea hobe.

Ezkongabea eta nekazaria zen. Udaleko idazkariak ziurtatzen zuenez inon auzirik irekita ez zuen. Bidaiatu ahal izateko eskatzen zitzaizkion dokumentuen artean: medikuaren ziurtagiria gaisotasun kutsakorrik ez zuela eta txertoak jarriak zituela adieraziaz, ama alargunaren baimena eta aitaren heriotza ziurtagiria, zedula pertsonala eta emigrazio kartila behar bezala beteta.

Behin guzti hauek lortuta, Bixentek Montevideorako bapore bat hartzeko baimena zuen. Hona hemen Asteasuko artxiboan gordeta dugun beste dokumentu bitxi bat. Bixentek hartu zuen baporearen inguruko informazio liburuxka. “Compañía Hamburguesa, Hamburg-Südamerikanische Dampfschfffahrts-Gesellschaft” delakoarekin hitzartu zuen bidaia. Honek agentzia bat zuen Bilbon “Edmundo Couto” hain zuzen. Baporearen izena Monte Sarmiento zen. 1924 urteko azaroaren 18an joan zen 482 pezeta eta erdi pagatuta. Bizitza hobe baten bila.

Amaituko dugu Monte Sarmiento ontziari buruz ohar txiki bat erantsiaz. 1942 urteko otsailaren 26an hegazkin ingeles batek suntsitu zuen aire-eraso batean. Ontziaren jabe zen konpainia berriz, gaur egun merkantziak garraiatzeaz arduratzen da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!