Pello Errota bertsolariaren sinadura

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Pia 2016ko eka. 29a, 02:00

Gaur egun denek dakigu nor zen Pello Errota. Asteasuko bertsolari handia. Denek dakigu izena nondik zatorkion ere. Errota batean baitzuen bere ogibidea. Hainbat libururi esker dakigu 1840 urtean jaio eta 1919an zendu zela. Bertsolari bikaina zela eta, bigarren diru sarrera bat lortzen zuen plazatan arituaz. Askok dakigu ere bere benetako izena Pedro Jose Elizegi Maiz zela.

Baina, zer dugu Asteasuko artxiboan bere inguruan? Erroldatan azaltzen da noski. 1885 urtean bere emazte eta seme-alabekin Ekialdeko 18. etxean erroldatua zegoen orduan. Irakurtzen eta idazten bazekien. Errolda horren arabera, familia osoan bakarra zen ordea, emazteak eta seme-alabek ez baitzekiten. Hori bai, denak errotako langile bezala seinalatuak ziren.

Baditugu artxiboan Pello Errotaren beste sei agiri. Denak auziak. Bat izan ezik, denak diru kontuak tartean. Bi bereziki bitxiak. Pedro Jose Elizegik Agustin Elola deitu zuen ahozko auzi batera diru zor batengatik, bi egun beranduago ordea, Agustin Elolak Pedro Jose Elizegik berdina eskatu zuen Pedro Joseren aurka, honek ere diru kontuengatik. Agustinek dio bere aita dela etxea gobernatzen duena eta berari dirurik ez eskatzeko, gainera Pedro Josek duela zorra berarekin. Pello Errotak dio Agustini diru asko utzi diola eta berarekin zorrik ez duela. Bietako inork benetako frogarik aurkeztu ez eta epaileak bertan behera utzi ditu auziak.

Bigarren auzi “bitxi” bat ere badugu. Lursail baten alokairuaren ingurukoa. Pello Errotak bere jabeari ordaintzen zion urteroko alokairuaren dirua. Baina bigarren alokatzaile bat ere azaldu zen, etxea eta lursail guztiak berak alokatu zituela esanaz, eta Pello Errota lursail hartatik botatzeko eskatuaz. Pellok argudiatu zuen alokairua jaberari ordaintzen ziola eta jabearen aginduak bakarrik beteko zituela.

Gainontzeko auziak diru kontuengatik sortutakoak dira. Denak 1880 eta 1885 urteen bitartean gertatutakoak. Ez lehenago, ezta ondoren ere, ez da beste arazorik jasotzen. Agian artxiboan ez direlako gorde, agian urte horiek izan zirelako beretzako txarrak. Batek daki...

Bukatu dezagun beste bitxikeria batekin. Bere sinadura. Pedro Jose Elizegi Maizek normalean Pedro Elizegi bezala sinatzen zuen, nahiz eta behin Pedro Jose Elizegi ikusi dugun. Hortxe bere eskuz sinatutako ohar bat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!