XVI. mende bukaeran Adunan

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Mendizabal 2018ko mai. 24a, 02:00

Adunako Udal Artxiboak 4.600 espediente baino gehiago gorde eta zaintzen ditu bere baitan, 715 kutxa inguru osatzen dituztelarik, eta hazten jarraitzen du egunetik egunera. Artxiboa bizirik dagoela esan dezakegu, aldaketa asko jasan baititzake denbora pasa ahala.

Batzuetan dokumentu berri gehiago sartzeko tokia egin beharrean aurkitzen gara eta irizpide jakin batzuk jarraituaz, zaharragoak direnak atera egin behar dira artxibotik; beste alde batetik, egoera kaxkarrean dauden dokumentuak zaharberrituak izan daitezke profesionalen esku; gainera, udal teknikariek euren eguneroko lanean sortzen dituzten espediente berriak landu egin behar dira etorkizuna bermatuko duten baldintzak emateko. Beraz, artxiboa ez da hermetikoa, etengabe aldatzen doa. 

Adunako dokumentuen gehiengoa XX. eta XXI. mendeetakoa da. Garai horretatik atzera testigantza gutxi dugu, 345 espediente daude. Berri honetan, Adunan gordetzen diren dokumentu zaharrenak aurkeztuko ditugu. Zehazki esateko, bi dira, 1591 urtean idatziak. Bi dokumentu hauek ez dira testu originalak, kopiak baizik. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan Gipuzkoako herri desberdinetako dokumentu historikoak gordetzen ziren eta dirudienez, Adunakoa horietako bat da.

Lehenengo dokumentua (sig. 699-03) 1591 urteko apirilaren 3an idatzi zen Donostian, Adunako kontzeju eta unibertsitatearen ordezkari zen Francisco de Yarzabal eta Pedro de Garagarza epailea aurrean zeudelarik. Ez dago bere osotasunean eta ezin dugu jakin bukaeran zer jartzen zuen. Sinadurak ere falta dira. Badakigu ordea, ordainketa gutun bat dela, eta Juan Lopez de Tapia izan zela eskribaua. Badirudi Amasako Pedro de Lasquibarren alargunari (izenik ez dakigu) 40 erreal dohaintzan emateko ordainketa gutun bat dela. Pedro de Lasquibarrek urtero diru hori ordaindu behar zuen eskritura bitartez finkatuta geratu zen bezala, eta ordainketa guztiak garaiz egin zituela dirudi. Francisco de Yarzabalek egiten duela dohaintza dirudi, eta gutun honen bidez dena ondo lotuta utzi nahi du.

Bigarren dokumentuari dagokionez (sig. 699-02), 70 orriko sorta da. Kasu honetan, betidanik eta edonon egon den arazo bati buruz hitz egiten digu: udalerriko larreen ustiapenari buruz. Adunako eta Zubietako herritarrek arazoak zituzten abereak larretara eramateko eta liskarrekin hasi ziren herrialdeko kontzejuekin. Auzia Valladolideko Errege Kantzilerira iritsi zen eta tartean pertsonaia ospetsuak egon zirela jakin dezakegu “capitan Miguel de Oquendo cauallero del auito de sanctiago y dona Maria de Çandategui su muger” aipatzen dira beste batzuekin batera, Antonio de Oquendo-ren gurasoak izango dira hauek.

Sorta hau 1591 urtekoa da, orduan eman baitzen behin betiko sententzia, baina prozesua oso luzea izan zen eta barneko testuek beste dokumentu zaharrago batzuei egiten diete erreferentzia.

Aipamen zaharrena 1584-08-30ekoa da eta bertan Francisco de Yarzabal Gipuzkoako prokuradorea aipatzen da, Adunako dokumentu zaharrenen protagonistetakoa bihurtuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!