Gelak apalez beteta egoten dira, ondo antolatuta dauden paperak edo espedienteak dituzten kutxaz beteta, zenbakiekin markatuta, espedienteak ahalik eta era eraginkorrenean bilatzeko. Batzuetan, gainera, instalazio moderno eta erosoak dituzte.
Bertan, mota askotako dokumentazioa aurki dezakegu: obra haundi eta txikien proiektuak eta planoak, errolda desberdinak, udaletxeko sail ezberdinetako ekimenen espedienteak… Eta noski, garai ezberdinetakoa: pasa den urtekoak edota, Villabonaren kasuan, orain 500 urtekoak. Dokumentazio hau, edo ia dena, eskuragarri dugu artxiboan norbaitek kontsultatu nahi izanez gero. Hori baita artxiboetan lan egiten dugunon helburu nagusietako bat, jendeari arreta ematea.
Esan beharrik ez dago, gure helburu nagusia dokumentazioa ahalik eta egoera hoberenean gordetzea eta zaintzea dela. Dokumentazio hori ez da paper hutsa, gure ondarea da, idatzizko ondare kulturala da eta babestu egin behar dugu. Ondo gorde behar da, gaur egungo dokumentu berrien etorkizuna bermatuz eta dokumentazio zaharra baldintza egokietan mantenduz.
Dokumentuen kontserbaziorako, artxibo gelak baldintza bereziak bete behar ditu. Alde batetik, toki asko behar da, papera pilatuta eta airerik gabe badago kaltetua izan daiteke eta hortaz, bere espazioa behar du, estutasunik gabe. Beste alde batetik, tenperatura eta hezetasun maila zehatzak mantendu behar dira.
Gerta daiteke baita ere, beste arrazoi batzuengatik dokumentuak kaltetuak izatea. Villabonako artxiboan badaude egoera txarrean dauden hainbat eredu. Hauetako bat izango da 1828 eta 1829 urteen artean Tolosako Pedro Nolasco de Telleriak idatzitako obra proiektua eta eskuz egindako planoak. Udaletxea Napoleondar gerren bitartean erre egin zuten eta aipatutako arkitektoari eskatu zioten eraikuntza berriaren proiektua. Obra espedientea artxiboan dugu eta kontsultagarri dago, momentuz. Planoak tolestuta gorde ziren eta tolesduratik puskatu egin dira, gainera egoera okerrera doa hezetasunak ere kalte egiten dielako. Arazoak baina, badu konponbidea: planoen zaharberritzea. Mota honetako lanak ohikoak izaten dira artxiboetan, izan ere, paperak arrazoi desberdin askorengatik sufritu dezake. Arrazoi batzuk, dokumentuen ezaugarriek eragindakoak izan daitezke. Hau gertatzen zaie Villabonako artxiboko dokumentu zaharrenetako biri. 1561 eta 1799 urteen bitarteko auziak eta epaiak jasotzen dizuten bi liburu dira. Garai hartan ohikoa zen liburuetan marka batzuk egitea dokumentua benetakoa zela jakiteko, kasu honetan, sigi-saga itxurako mozketak. Mozketa horiei tinta ferrogalikoaren erabilera eransten badiogu, orrietan gertatu diren kalteak oso handiak izan dira, horregatik zaharberritzea beharrezko bihurtu da.
XIX. mendeko eta XVI. mendeko bi dokumentu horiek gure herriaren ondare kulturalaren parte dira. Gure esku dago, beraz, kontserbazioa bermatzea. Horregatik, 2018an Udalak horien zaharberritzea aurrera eramateko ekimena abiatuko du. Aurrerapauso garrantzitsua da Villabonan, bertako ondare dokumentala eskasa baita.