Jarrai dezagun bidea egiten

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Senperena 2018ko mar. 11a, 01:00

Nork esango zidan niri, orain dela urte batzuk Lilatoian parte hartu behar nuenik. Betidanik izan dut horrelako lasterketa solidarioren batean parte hartzeko gogoa, Lilatoia ez baita lasterketa konpetitibo bat. Beti egongo da irabaztera doanik, baina Donostiako lasterketa hori baino askoz gehiago da.

Ezin dut deskribatu irteeratik abiatu baino hamar minutu lehenago sentitu nuena. 5.000 emakumetik gora, berdintasunaren aldeko borrokagatik korri egiteko prest. Ingurura begiratu eta zirrara zen askoren begietan ikusten nuena. Urduri nengoen, ez nekien oso ondo lasterketak noraino eramango ninduen baina une horietan berdin zitzaidan. Momentu horretan aurreiritziak etxean utzi eta dena emango nuela erabaki nuen.

Lasterketa hasi bezain laster inguruko emakumeen alaitasunak eta ongi pasatzeko gogoak bete ninduen. Alboetara begiratu eta irribarreak besterik ez nituen ikusten. Parte-hartzaileengan, eta baita inguruan animatzen zeuden guztien aurpegietan, irribarrea nagusi zen. Ikaragarria izan zen denen artean sentitu nuen indarra. Bagindoazen aurrera eta giroak, musikak eta guztion animo oihuak lagunduta helmuga geroz eta gertuago ikusten genuen.

Helmuga, orain dela urte batzuk, inoiz zapalduko ez nuela iruditzen zitzaidan. Kursaal parean azkenengo indarrak hartu eta guztion laguntzarekin helmuga zapaldu nuenean gauza bat argi geratu zitzaidan. Urtzek bere kantuan aipatzen zuen bezala, zaila bada ez da ezinezkoa.

Beraz, segi dezagun guztion artean berdintasunaren alde lanean, lanean jarraitzen badugu iritsiko gara eta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!