Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sortu dute marka bateratuta, bezeroei adierazteko euskaraz egiteko aukera dutela marka duten lekuetan. Urtarriletik aurrera Euskal Herri osora zabalduko duten arren, datozen hilabeteetan zenbait udalerrik marka martxan jartzeko proba-pilotuan parte hartuko dute. Andoain da udalerri horietariko bat.
Euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan areagotzeko helburuarekin, batean eta bestean badira euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren saltokiak, enpresak eta entitateak identifikatzen dituzten ziurtagiriak, euskaraz aritzeko eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna aitortuz, bezeroek eta herritar guztiek horren berri izan dezaten.
Urtarriletik aurrera, berriz, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak zerbitzu sektorean gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka berria eta bateratua sortuko dute: Euskaraz barra-barra izango du izena, eta euskararen lurralde guztietara zabalduko dute.
Marka bateratu horren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela leku edo entitate horretan, Euskaraz barra-barra marka duten guneetan bermatuta egongo delako euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa badagoela.
Euskal Herri osoan urtarriletik aurrera zabalduko baldin bada ere ekimen hau, lehenago, uda honetatik zenbait udalerri izango dira aitzindariak marka zabaltzen, gainerakoentzat bide-erakusle izan daitezen. Andoain izango da udalerri horietako bat; dagoeneko Andoaingo 50 establezimendu inguruk egin dute parte hartzeko hautua.
Zerbitzu sektoreko profesionalei eta herritarrei deia, ekimenarekin bat egin dezaten
Marka sustatu duten erakundeek zerbitzu sektoreko profesionalei dei egin diete markarekin bat egin dezaten: “Bezeroari arreta bere hizkuntzan eskaintzea zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko oinarria denez, ohi bezala zure negozioarentzat zerbitzurik onena eskaintzeko ahaleginean jarraitzera eta ekimen berri honetan parte-hartzera gonbidatzen zaitugu”, adierazi diete, ekimenaren berri emateko merkatarientzat eta ostalarientzat prestatutako gutunean. Horren bidez, bezeroei dagokien arreta egokiena ematen segitzera ere animatu dituzte.
Andoaingo Udalak zerbitzu sektoreko profesionalei ez ezik, herritarrei ere dei egiten die ekimena kontuan har dezaten erosketak egiterakoan eta zerbitzuak hautatzean. Izan ere, Euskaraz barra-barra marka izango duten lekuetan euskaraz aritzeko modua izango dute, eta horrek “hainbat aurreiritzi baztertzeko eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ere bide eman diezaieke bezeroei. Beraz, euskaraz lasaiago eta gehiago aritzeko modua izango dutenez, gure herrietako zerbitzu sektorea ez ezik euskara ere hauspotzeko aukera izango dute ekimen honekin”. Horregatik, parte hartzeko eta euskaraz aritzeko deia egin diete.
Establezimenduren batek marka eskuratu nahi izanez gero, idatzi edo deitu Andoaingo Udalaren Euskara Zerbitzura:
943 300 831