Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, 2022ko errenta aitorpena ere euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du Andoaingo Udalak, aurreko urteotan bezalaxe.
Izan ere, errenta euskaraz egiten duen andoaindarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik. Horregatik, eta administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea garrantzitsua da, euskararen normalizaziorako bidean Andoain udalerria egiten ari den beste urrats bat baita. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta horregatik Andoaingo Udaletik eskatzen dugu, bereziki, autolikidazioa onartzean euskararen aukera sakatzeko.
Halere, autolikidazioa onartzeko uneaz gain, badira beste moduak eta uneak euskara aukeratzeko:
- Errenta mekanizatuko bulegoan laguntzen dizun langileari hala adieraziz.
- Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman, errenta aitorpena euskaraz aurkeztuz, aitorpena bidaltzean zure aukera adierazita.
- Aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen baduzu, errenta aitorpena euskaraz eginez eta Ogasunarekin eta Aldundiarekin dituzun harremanetan euskara aukeratuz.