Euskara Familian egitasmoa martxan, euskarara gerturatzeko hiru bide

Erabiltzailearen aurpegia Andoaindarra Euskaraz 2024ko ira. 23a, 17:29

Artxiboko irudia.

Andoaingo Udaleko Euskara lansailak, herriko lau ikastetxeen laguntzarekin, EUSKARA FAMILIAN ekimena antolatu du, bigarren ikasturtez. Gure haurrak ahalik eta euskal hiztun osatuenak izateko funtsezkoa da familiaren, eskolaren eta herriaren gogoak eta baliabideak konektatzea, eta horretarako jarri da abian programa hau. Hiru ekimen biltzen dira bertan, guztiak doakoak: Euskara eskolak, Mintzalaguna proiektua eta familia lantegiak.

Euskara eskolak

Haurrak ikastetxean dauden bitartean eta, ahal bada, ikastetxean bertan, gurasoei euskara-eskolak eskaintzen zaizkie astean bi egunetan. Euskara mailaren arabera antolatuko dira taldeak, eta komunikatzeko gaitasuna lantzea da helburua. Ikastaroak guztiz doakoak izango dira.

Mintzalaguna

Euskaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoak ohiturarik ez dutenekin elkartuko ditugu. Batetik, bidelariak, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten gurasoak: egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez dutenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak. Bestetik, bidelagunak, euskaraz hitz egiteko ohitura eskuratu nahi duten gurasoei laguntza eskaini nahi dietenak, lanketa horretan haien bidelagun izan nahi duten gurasoak.

Familia lantegiak

Guraso, zaintzaile eta beren seme-alabentzat izango da aisialdi eskaintza hau. Helburu nagusiak: elkarrekin tarte atsegina pasatzea euskaraz. Horregatik parte-hartzaileei eskatzen zaie, jarduera iraun bitartean, euskaraz aritzeko konpromisoa.

Ikasturtean zehar jolasak eta lantegiak antolatuko ditugu, helduak eta haurrak batera aritzeko. HH2tik LH6 bitartekoek parte hartu ahalko dute, antzeko adin taldetan banatuta.

Izena ematen dutenek posta elektronikoz jasoko dute lantegien agendaren berri, eta gustuko duten lantegian eman ahal izango dute izena aldiro.

Informazio hau guztia ikastetxeek banatuko diete familiei irail eta urrian zehar, eta familiekin egiten diren bileretan ere horren aurkezpena egingo da. Izen-ematea ikastetxeetan bertan egin ahal izango dute, Udaleko Euskara Zerbitzuan, edo https://labur.eus/EuskaraFamilian_2024 formularioaren bidez, www.andoaindarraeuskaraz.eus webgunean topa daitekena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!