Bertan, proiektu txikitzaile hau salbazio bezala eskaintzen digute, izugarrizko aukera balitz bezala supermerkatu hau etxe ondoan izatea, eta andoaindarrentzako lanpostu egokiak sortuko dituela. Sinestarazi nahi digute lan baldintza duinak bermatzen diren lanpostuak eskainiko dituztela: andoaindar izatea “lehenestea”, lanpostu finkoa, astean bi egun jai, gutxieneko soldataren bermea…
Hainbat testigantzek, ordea, argi uzten dute marketing txundigarria erabiltzen duen supermerkatu honen errealitatea zein den. Izan ere, urtean zehar hainbat salaketa publiko jasotzen dituzte, sekta gisako enpresa dela leporatuz eta makina bat langilek bide judiziala hartu behar izaten dute. Ez dira kasu isolatuak, enpresaren jardunaren parte da.
Mercadonaren enpresa-ereduan langile-eredu bat finkatzen da. Langile alienatuaren modelotik ateratzen dena markatuta geratzen da eta arduradunen aldetik, jarrera autoritario agresiboaren bidez, izugarrizko errepresioa jasaten hasten dira.
Enpresa autoaseguratzailea izanik, gizarte-segurantzari ordaintzetik salbuetsita dago, hala, enpresa bera da langilearen baja ordaintzen duena. Hau horrela, baja hartu nahi duen langileak izugarrizko oztopoak izango ditu, enpresak ez baitu produktiboa ez den langile bat mantendu nahiko. Izatez, Mercadonan, idatzi gabeko legeetako bat da debekatua dagoela gaixotzea. Langileek jazarpen medikua bizi izan dutela ere salatzen dute, berehala lanera bueltatu daitezen. Baja hartzea ez da kaleratzeko arrazoia, baina enpresak mekanismo guztiak erabiltzen ditu kaleratze hori justifikatzeko. Langileak makinak direlako, eta akatsa duten edo behar bezala funtzionatzen ez duten makinak erretiratu egiten direlako.
Ulergaitza egiten zaigu bizitzen ari garen pandemia honetan, kontziente izanik krisi ekonomiko garrantzitsu baten barnean gaudela, udalak makroproiektu honi ateak ireki izana. Herriko komertzio txikiek ezingo diete aurre egin Mercadonaren prezio baxuei, eta merkatu askearen baitan, Indartsuenaren Legea aplikatuz gero, ezetz asmatu nor irtengo den garaile? Nola lehiatuko dira bada herriko fruta eta barazki dendak, laranja kiloa 0,50 eurotan erosten duen enpresarekin? Zertarako balioko digute udalak banaturiko bono eta telazko poltsak erabiltzeak erosketak egiteko, Mercadonan erostera bideratuko bagaituzte? Ezin ahaztu herriko komertzioen alde eginiko kanpaina, kanpoko enpresa baten esku utzi zutela.
Beraz txalo bero bat eskaini nahi diegu Andoaingo PNV eta PSE-EEri herriko komertzio txikiei eskainitako babesagatik eta gazteei lan baldintza duinak bermatzeagatik. Bejondeizuela!