Garai berriez eta bizikidetzaz ari gatzaizkigu, baina PNVren apustua garbia da; guztiz gaindimentsionatuta dagoen Ertzaintzaren instituzioa handitu eta indartzea. Instituzio honekiko jasaten ari garen zuriketa kanpaina eta propaganda ikaragarria da, euren irudia eta lana normalizatzeko saiakera garbia dago, normala izatetik oso urrun dagoen arren. Ezin dugu normalizatu Ertzaintza izatea, zure bizilagunak eta herritarrak jipoitzea, jazartzea zein torturatzea normalizatu ezin diren era berean.
Pandemia, arazo bat baino, aukera bat izaten ari da PNVrentzat eta haren Ertzaintzarentzat. Egungo testuinguruan beharrezkoak diren segurtasun neurrien aitzakipean, kontrol maila izugarri handitzeko eta gehiegikerietarako leiho paregabea ireki zaie. Probatzen ari dira, ea nora arte estutu gaitzaketen, ea nora arte eusten dugun, eta ez dezagun pentsa pandemiari aurre egiteko neurriak direnik, ez, pandemiak euren boteretzea ahalbidetu badu ere, orain onartzen ditugun jarrera oldarkorrak geratzeko helburuz etorri dira, egungo kontestutik haratago doaz.
Egoera honetan, Ezker Abertzaleak hasieratik azaleratu du herritarron osasuna krisiaren erdigunean jartzeko beharra. Koherentziaz eta zuhurtziaz jokatu du bere jardun politikoa aurrera eramatean, eta PNV-k zein komunikabideek ederki asko dakite hori, horregatik erabili nahi izan dute poliziaren jokabidea lehia politikoaren arma gisa; haien kudeaketa lotsagarria alboratu asmoz, Ezker Abertzalea interpelatu nahi izan dute.
Hori gutxi balitz, Ertzaintzak biolentziaren hegemonia duela erakutsi nahi izan du, herritarren jokabideak kriminalizatu eta eskubide ororen gainetik daudela garbi utziz. Horren adibide dira azken asteotan sare sozial zein hedabideetan ikusitako hainbat irudi; haien lanpostuen galeragatik protestan ari ziren ITPko langileen elkarretaratzean sindikalistari sudurra hautsi ziotenekoak, edota Donostiako Alde Zaharrean ikusitako aktuazio zentzugabeak.
Lehen «entrar con todo lo que tenemos» esaten zuten era berean, orain «vamos a tirar a dar» diote Donostiako Alde Zaharrean gazte bati matrailezurra hautsi aurretik. Esaldi horien ondorioak jakinak dira: Iñigo Cabacas, Rosa Zarra, Anne, Nahuel Gomez, Kontxi Sanchiz edota Remi Aiestaran. PNVk ez badu Ertzaintza zehatzen horrelako kasuetan, Ertzaintzaren gehiegikeriei onespena ematen ariko zaie.
Indar polizialen irudia zuritzeko ahaleginetan dabiltza, pandemiari aurre egiteko salbatzaileak bailiran, baina boterea eman zaien unean bertan erakutsi dute betiko instituzioa izaten jarraitzen dutela, eta euren partetik jipoiak, atxiloketak, ala abusuak besterik ezin ditugula espero. Hala erakusten dute, bederen, azken gertakariek.
Garai berri baten kondaira eta ohiko lanbide bat saldu nahi badigute ere, argi dago betiko aurpegia dutela; elite ekonomiko eta politiko konkretu baten interesak babesteko euren bizilagunak eta senideak jipoitu eta hiltzeko prest dauden borreroak.
Ez gaitzatela engainatu, ez da beste lan bat gehiago. Ozen esan nahi dugu ez garela geldirik geratuko, orain, inoiz baino gehiago, indarrak batu eta Ertzaintzaren gehiegikeriei ateak itxi eta erantzuteko unea dela.