Denbora gutxian, erabat aldatu da herri sarrera, zer esanik ez bertako bizilagunen paisaia; natura ingurunean bizitzetik, pabiloi handiak aurrean edukitzera.
Kapitalismoa eta kontsumismoa lagun duten makroproiektuak ugariak ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan, baita eskualdean bertan ere: Zubietako erraustegia, AHT, Belartza... Bertako ondareak bota, lurrak erabat txikitu eta prekarietatearen katea elikatzen duten proiektuak ditugu, gutxi batzuen mesedetan, eta herritarron kaltetan. Gurean daukaguna adibide bat gehiago da, bat gehiago oligopolioarentzako, baina miseria bat gehiago herriarentzat.
Mercadonaren irekierak herriko merkatariei munstro handi bat jartzen die aurrean, hala nola aurre egin ezin zaion etsaia. Gutxi batzuen kapitalaren mesedetan eraikitako multinazionalak, uste baino azkarrago herria hiltzen ari dira; eta negozio txikiek aurrera egin ahal izateko, norbere kontsumo eredu kapitalistarekin hautsi beharra daukagu. Itsu eta mutu nahi gaituztenen aurrean begiak ireki, altxa eta gure kontsumo ohiturak aldatuz soilik lortuko baitugu makroproiektu suntsitzaile hauek txikitu eta herri bizi bat mantentzea.
Soilik herriak salba baitezake herria, kapitalismoari sua!