Erantzukizuna

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Alvarez 2021ko ira. 30a, 21:00

Zinegotzi naizenetik bilera, batzar edo ekitaldi ugaritan parte hartu dut. Horietako batzuetan ni bezala herrigintzatik politikara salto egin duen jendearekin egin izan dut topo. Askotan, elkarrizketa bera izaten dugu: zer da gure ardura berrian onartzea gehien kostatzen zaiguna. Eta ondorio beretsura iristen naiz hitz egindako gehienekin; alderdien arteko joko eta eztabaidek sortzen duten nekea.

Hauteskundeetara aurkezteko baiezkoa eman nuenean, Andoainen alde lan egiten jarraitzeko aukera bezala ulertu nuen. Oraindik orain horrela bizitzen dut zinegotzi bezala dudan ardura. Oposizioan egonda, nahiko nukeena baino gutxiago lagundu dezaket askotan, baina egunerokotasunean eraginkorra izateko helburuarekin nabil lanean.

N-1 errepidearen gaia Andoainek duen arazo nagusienetako bat da. Urtetan zehar aldarrikapenerako gaia izan da, eta baita politikari profesionalek kanpaina egiteko erabilitako gunea ere. Baina soluzioak, inoiz ez dira mahaigaineratu.

Orain gaia mugitzen hasi dela ikusi dugunean, proposamen bat jarri dugu mahai gainean. Laburbilduz hiru ardatz nagusi biltzen dituena; alderdikeriak baztertu eta herri ikuspegiaz aritzea, gaia behar bezala lantzeko marko bat finkatzea eta denok elkarlanean aritzeko helburuz herri elkarte edota eragile ezberdinei irekia izatea. Proposamen hau Hirigintza batzordean ahoz zein idatziz egin genuen, eta ondoren publiko egin genuen andoaindarrek ezagutu zezaten.

Hiru egun beranduago proposamen horri Andoaingo EAJ-PNVko lehendakari eta zinegotzi den Imanol Goenagak emandako erantzun publikoak atsekabetu nau. Ez dakit nondik datorkion EH Bildurekiko adierazi duen herra hori. Baina bere gutuna irakurri eta gero, nire udal taldeak publiko egindakoa berriz ere irakurri behar izan dut, bera mintzeko zein arrazoi zegoen jakin nahian. Birritan irakurri dut oharra, ez dut inondik inora ezer mingarririk topatu.

Eta berriro esan beharra dago. N-1aren arazoari irtenbidea ematea andoaindar guztioi dagokigu. Alderdikeriak alde batera utzi eta elkarrizketa zintzo bat garatu beharra dago. Korapilo asko daude askatzeko, eta garbi hitz egin behar da. Foru Aldundiak egindako proposamen horren arabera, zein da Alejandro Calonjeko bizilagunen etorkizuna? Beraien auzoa behin betiko errepidearen atzean geratuko da? Eta zer gertatuko da Buruntza edo Mimendi-Bazkardo auzoekin? Zein zarata eta kutsadura mailarekin elkarbizi beharko dute? Zein da Sorabillako arazoari irtenbidea emateko aukerarik onena? Ikastolara errepidea are eta gehiago gerturatuta, pantailak jarri arren, daukan arazoa konponduko da?

Herriari luzatu diogun eskaintza zintzotasunetik eta erantzukizunetik egina dago. Zinegotzi izan aurretik andoaindarra nintzen bezala, Udalean ditudan ardurak amaitutakoan Andoainen bizitzen jarraituko dut. Eta etorkizunean, N-1era begira jartzerakoan, arazo hori konpontzeko gehiago egin nezakeen edo ez pentsatzen egotea baino, nahiago dut orain gaiari behar bezala heldu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!