2021eko martxoan, baimen berezi bat eskuan, Andazarrateko haitz hartara hurbildu gara, udaberriarekin hostoak sortu eta landaretza handitu aurretik
(X = 570.869; Y = 4.784.260; Z = 492).
Interesgarria diogu, tokiak Euskal Herrian aurkitzen ari garen gazteluen baldintzak betetzen dituelako, edo zituelako1. Gipuzkoan bereziki, axioma bat ezarri dugu: haitz batek bere izenean gaztelu hitza baldin badauka, eta izen hori XIX. mendeko gerren aurrekoa bada, ia ziur gaztelu baten kokalekua izan da.
Andazarrate gaineko Iramuinoko haitz horrek, agirietan Gazteluko haitza ere deitua, beste leku-izen eratorri batzuk sortu ditu (Gaztelualdea, Gazteluazpia) ondoko lur-sailak izendatzeko, haren garrantziaren lekuko. Harkaitza ez da inguruko tokirik garaiena, baina ikuspegi zabalak ditu, eta, guretzat interesgarriago egiten duena, aspaldiko ibilbide luzeko bide baten ondoan dago, eta neguko bazkalekuetatik hurbil. Handik igaro zen San Inazio Paristik Loiolara zihoala, eta Donejakue bidea izendatu dute gertuko galtzada.
Tamalez, Gazteluko harkaitza, berez hareharrizko azaleratze bat, harrobi modura erabili zuten, zati handi bat desagerraraziz, iparraldeko muturra hain zuzen, eta horrekin batera gaztelu bat egon dela frogatzeko oinarrizko aukerak ere. Dena den, goialdean, begi bistan dago zulo bat, beharbada zutoi-zulo baten aztarna, eta oraindik landaretza-geruzak zerbait ezkuta dezake, arkeologoren baten jakin-minaren zain.
Ez dugu uste lotura dutenik balizko gaztelu batekin, izatekotan sei edo zazpi mende igaroko baitziren gotorlekua erabiltzeari utzi ziotenetik, baina azpimarragarriak dira, etnografia ikuspuntutik bederen, harriaren azalean dauden marka ugari. Inguruan ordu asko eman dituzte burdinazko tresnak eta aiztoak zorrozten, haitza zorroztarri erraldoi modura hartuta, baina gertu ez da inoiz egon baserririk.
Hementxe, beraz, zorra kitatzeko ahalegin txikia.