Gaztelu bat Zizurkilen? Adunan?

Erabiltzailearen aurpegia Antton Arrieta Valverde 2021ko ira. 17a, 07:32
Bordabeko harkaitzaren goialdea –haitza eta ordokia-, hegoaldetik begiraturik, Zizurkilgo Legargainetik. ©A. Arrieta Valverde

Lagun bat Zizurkilgo Udaleko kontu-liburuak miatzen ari zela –1.660. eta 1.702. urteen arteko liburukiak zehazki–, arreta berezia deitu zion Udalaren 1.666ko diru-sarrera batek. Antton Arrietak gertaera historiko interesgarria igorri du Aiurriko erredakziora.

“Ytten se hizo cargo de veinte y quatro reales de plata portantes que se remataron quatorce cargas de carvon en leña en Ignacio de Gandarias en el puesto llamado Gaztelu erreca”.

Lagunak, Yoseba Alonso Arratibel goierritarrak, Gazteluerreka aipamena ikusita, argazkia egin eta pantaila bidez helarazi zigun mezua.

Leku-izen hori, ibai-izena esango genuke euskaraz egongo balitz gaztelaniazko "hidronimo"-aren pareko adieraz,  ez da agertzen Euskal Herriko gazteluak. Gipuzkoa liburuan, eta hasieratik oso interesgarria iruditu zitzaigun Zizurkilen gaztelu bat aurkitzeko ideia bera. Data da aipagarria bereziki, 1.666koa. XVIII. eta XIX. mendeetako gerren aurrekoa baita. Euskal Herria odolustu zuten mende horietako bost gerretan (Konbentzio-gerra, Iberiar Penintsula gerra, Errege gerra eta bi karlistaldiak) mila fuerte baino gehiago eraiki zituzten, eta askotan aztarnei gaztelu esaten zaie. Bestalde, erreka baten izena izateak ere interesgarri bilakatzen du, baserri edo etxe batena baino gehiago. Gazteluen izenek, maiz, jabearen deituran baitute jatorrian. Beraz, aukera handia ikusten genuen Erdi Aroko eraikina erreka baten ondotik igarotzeagatik etortzea.

Gazteluerreka izena galdu da, eta ez da berriro agertzen kontu-liburuetan. Horrek ez gintuen harritu Zizurkilgo erreken eta errekastoen izenak berri samarrak izateaz gain, errekaren batek adiera bat baino gehiago izan ditu. Horrela, esate baterako, udalerriko ekialdeko erreka nagusia, Adunarekin mugan, zatika, Zubiaurretxo erreka, Ibiturri eta Pagomendi izenak ditu mapatan.

Kontuetan el puesto llamado Gaztelu erreca esaten da, beraz, ez zen mendialdeko errekasto galdu bat, toki lau bat igarotzen baitzuen, non egur-ikatzen salerosketak egin ohi ziren. Horrek ere hara  iristeko eta handik ikatza eramateko bideak eskatzen zituen.

Gipuzkoan hogei gaztelu erroldatu ditugu, eta gehienek kokalekua haitz baten ondoan zutenez, Zizurkilgo gainak eta harkaiztegiak arakatzeari ekin genion: Zarateko haitz tokia egokia bazen ere, larreen eta bide nagusi baten gainean gainera, gertu ez du errekarik; Erramuaitz muinoaren goialdeko eraldaketak harrobi bati dagozkiola dirudi, kareharri eskuratzeko egina; Andola harkaiztegi luzean ez dago toki laurik pitzaduren artean, eta goialdea zeharkatzen duen harresia lursailak banatzekoa da.

Ikusitako tokien artean, gaztelu bat kokatzeko goialderik aproposena Bordabeko harkaitzeko (X = 575.442; Y = 4.784.899) tontorra iruditu zitzaigun, dagoeneko Adunako udalerrian. Muga egiten duen Ibaiturri erreka behealdetik doa, muinoa inguratzen, eta Zizurkilgo kontu-liburuetan askotan Lepasoroko (beheko baserria) mendiko ikatza aipatzen da. Goialdeko haitza zati handitan dago puskatuta, eta hegoaldean pitzadura asko dauzka. Hala ere, haitza bukatzen denean, hego-ekialdean, lurrezko ordoki bat dago. Zabaltza hori oholesiz itxita eta sarbiderik errazena haitzarekin itxita? Haitzean eraikin gotor bat? Hala ere, harrian eta lur-azalean ez dugu ezer aipagarririk antzeman, eta zerbait egotekotan, arkeologoek bilatu beharko lukete.

Hilabete pare bat geroago (2021-05-04), tontorretako miaketak eginda genituela, Yoseba Alonso Arratibel lagunak beste aipu bat bidali zigun. Oraingo honetan Donostiako Udal Agiritegitik jasotakoa (06-Auziak), San Millango Jaunak Zizurkilgo Kontzejuaren aurkako auzi batean: "Item pongo que saven y es que de mucha parte de la dha tierra de Cizurquil los ganados // tienen salida a las tierras de dho Martin Ruiz [San Millango Jauna] e suelen pacer en las dhas tierras que tiene en la jurisdicción de Aduna el dho Martin Ruiz que son arrazubi e ollacaizta e burnaizqui y gaztelu erreca y (…)".

Auziko agiri hori 1539koa da, beraz aurreko aipua baino 127 urte lehenagokoa, eta ia-ia Erdi Aroan kokatzen da.

Dirudienez, Gazteluerreka aipua bigarren dokumentu horretan lursail, aurkintza edo saroi bati dagokio, dena den, izena erreka batetik hartuta. Horrekin guztiarekin, esan daiteke ez genbiltzala oker gaztelua Zizurkil eta Adunaren artean bilatzen ari ginenean.

Bigarren aipamen horrek berresten du Gazteluerreka leku-izenaren garrantzia. Ziurrenik gaztelu baten lekukoa baita, eta, nahiz eta izenak eta testuingurua ikusita errekan goragoko bazterrak izan, aipatutako Bordabeko harkaitzak jarraitzen du, kokapenari dagokionez, tokirik interesgarriena izaten.

Gaztelu erreca aipamena Zizurkilgo udaleko kontu batean, 1666. urtean. ©Yoseba Alonso

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!