Inauteriak “inausi” hitzarekin omen du zerikusia. Zuhaitz adarrak kimatzearekin, alegia. Inauteri hitzaren esanahi hori autolaguntza liburuetan ageri diren aholkuekin lotu nahi dut gaurkoan. Ze, norberak bere hobekuntza pertsonalean, beharrezko du zenbait adar kimatzea, zenbait pentsamendu eta ohitura ezabatzea, baina horien ordez hazi berriak ereitea ere garrantzia handikoa da.
Geuronek guri dagokiguna hobetuz, ondokoei eta, baita gizarteari ere, mesede egingo diogula sinesten dut nik. Hobekuntza horretarako lagungarri izan daitezkeen aholku batzuk aipatzearren:
- Falta zaigunari garrantzia handiegia eman ordez, hobe dagoeneko BADUGUN horretaz jabetzea eta gozatzen ikastea.
- Austeritate azturak indartu, baliabide materialak izateari halako indarra egotzi gabe. Gabeziek askotan gure SORMENA pizten dute. Akuila dezagun gure sortzaile sena!!
- Sinesmen ezkorrak ezabatu eta baikorrak indartu. Gurekin ditugun GAITASUNEN motorra martxan jarri!!
- IRRIBARRE egin, erlatibizatu. Gai guztiak hil ala bizikoak balira bezala hartzeak gure energia xahutzen du. Irribarrea kutsagarri izaten da!
- ISPILUA nork bere burua ikusteko erabili, ez besteari begira dagoen lupa zorrotz moduan. Nik nire jokaera bideratzeko ahalmen osoa dut, ez ordea besteena!
Gaur egun oso modan jarri da ondoko adierazpena: positibismoa, baikortasunez pentsatzea iruzurra da. Krisi garai honetan behar duguna “haserretzea”, “sumintzea” da.
Uste dut euskaltzaleon artean orain arteko jokabidea estilo horretakoa izan dela maiz: haserretu, protesta egin, etsipena agertu, kritika etengabea besteak gaizki egiten duen horri… Nolako fruituak jaso ditugu?
Proba egin beharko dugu dagoeneko BADUGUNAZ gozatuz, gure SORMENA eta GAITASUNAK martxan jarriz, IRRIBARRE eginez, eta, batez ere, ISPILUA gure burua ikusteko erabiliz: egin dezagun geuk EUSKARAZ gehiago! Ahalmen osoa dugu horretarako.
Inauteriak pasa berri ditugun honetan, norberak erabakiko du hemendik aurrera, egunero erabiltzeko, nolako mozorroa aukeratu nahi duen: baikortasunarena, irribarrearena eta ardurarena, agian? Ala haserrearena, protestarena eta kritikarena, akaso?