Euskararen kale erabilerak Andoainen behera egin omen du azken urteetan. Ezagutza maila %52an badago ere, erabilera %18 ingurukoa omen da. Adin tarteei begiratzen badiegu hauek omen dira datuak:
% 34,7 Haurrak (2-14 urte).
% 21,5 Gazteak.
% 15,5 Helduak.
% 9,8 Adinekoak.
Nire iritzian, eta kopuru hauek ere ikuspegi hori azpimarratzen dute, gaurko HELDUON esku dago etorkizuneko helduak, haurrak eta gazteak euskaraz egitea. Beraz, herriko HELDUOK badugu zer pentsatua eta zer egina, egoera honi erantzun bat eman nahi badiogu behintzat.
Eta erantzun bila jarrita, Lorea Agirre kazetari eta antropologoak euskararen biziberritzeari buruz emandako ideia batzuk nire erara antolatu ditut, gaiari argi pixka bat egin nahian.
-Lehenik eta behin heldu euskaldunok EUSKARAZ egin behar dugu. EUSKARAZ, ez txakurrekin eta haur ttikiekin bakarrik. Baita neska-mutil koxkorragoekin, gaztetxoekin eta gazteekin ere. Baina, hala egin behar dugu HELDUON arteko harremanean ere. Eredu gara, haurrak eta gazteak gure hizkuntz ereduari jarraitzen diote eta handitzen doazen heinean gero eta gehiago egiten dute gaztelaniaz, geuk euskaldunon artean hala egiten badugu.
-Helduok euskaraz egiteaz gain, Euskararen aldeko jarrera transmititu behar diegu, kontzientzia eta konpromisoa. Adieraziz guretzat Euskarak zergatik duen garrantzia: hemengo hizkuntza delako, maite dugulako, herria eta kultura bere bidez egiten ari garelako, gure aurrekoek pasa digutena gorde eta indartu behar dugulako… Eta zeregin honetan Euskara ez dakiten helduak ere indar handiz egin dezakete lan.
-Aisialdia ere euskaraz egiteko aukerak eskaini eta zabaldu behar dizkiegu. Ez da nahikoa ikastolan euskaraz egitearekin. Aisialdia antolatzerakoan helduok prest egon behar dugu neska-mutilei hitza emateko, entzuteko, erabakiak hartzen uzteko. Ondo pasatzea euskaraz egiten badute, hizkuntzarekiko jarrera baikorra izango dute. Gustagarria zaiena euskaraz egitea eskaini eta eskatu behar diegu.
-Bestalde, Euskal Herri mailan, hizkuntza kulturari lotu behar diogu. Euskal kulturaren kontzepzioa une honetan gastronomiarekin, herri-kirolekin, paisaiarekin…, dago lotua. Garaia dugu Euskal kulturaren definizio berri eta zabalagoa egiteko, hizkuntzari atxikia egongo dena.
Izan ere, Euskara (Euskaraz bizi dugun kultura) guk ez badugu egiten, ez badugu indartzen, nork egitea espero dugu? Ez al dakigu ba, Euskara dela euskaldun egiten gaituena?
(Lorea Agirreri egindako elkarrizketa osoa irakurtzeko: HIK HASI aldizkaria 183. alea)