Orain dela gutxi, Santa Krutz festen baitan, Pepe Andoain izeneko musikariaren, Los Alegres musika talde ohiaren eta txistulari bandako partaide izandakoen omenez prestaturiko kontzertu gogoangarriaz gozatzeko aukera izan genuen Basteron. Gutxitan bezala, aretoa bete-betea zegoen eta emozioak ere gainezka.
Bertan entzun genuen Pepek sortutako Goiburu izeneko kalejira. Baina han ginen ikusle askok aurretik ez genekien hain doinu ezaguna Andoaingo auzo bati eginikoa zenik. Entzun genuen , baita ere, Joxe Mari Oiartzabalen tronpeta txundigarria; baina, han ginen ikusle askok aurretik ez genuen bere iaiotasun aparta ezagutzen. Entzun genituen Andoaingo zenbait goitizen erabiliz egindako bertso zaharrak; horiek ere ez daude herrian oso zabalduak, gure etxean oso kuttunak baditugu ere.
Eta aurreko kontzertuak utzitako oroimen gozoak buruan nituela albiste honekin egin nuen topo egunkarian: “Orion, herriaren nortasun ezaugarriak biltzen” (BERRIA, 2013-05-02). Garai batean ahoz aho egiten zen herriko izaeraren transmisioa, baina hori galtzen ari dela pentsatuta, galdera hauei erantzuten saiatu da horretarako bildutako herritar talde bat:
-Etorkizuneko oriotarrei zer transmititu nahi diegu?
-Zein dira herriaren tradizioa, historia, nortasuna eta izaera biltzen dituzten ezaugarriak?
-Nola definitu eta indartuko dugu herritar gisa elkartzen gaituen hori?
-Zehaztuko al dugu, adibidez, zein diren oriotarrek ezagutu beharreko hogei kantu?
Herriko kultur ondare hori zehaztu eta biltzeko ahaleginean aritu den taldeko partaideen asmoa elkarren artean HERRITARRAK BATZEN dituen hori topatzea izan omen da eta pozik omen daude horretan aritu direnen arteko harremana indartzea lortu dutelako.
Baten batek pentsatuko du hau irakurtzean: “lehen ere makina bat ahalegin martxan dira Andoainen bide horretan: Leizaur liburuetako lanak; Erreportari gaztea lehiaketa; zenbait musika bilduma eta kontzertu; Larramendi Bazkunaren zenbait ekimen: Aiurriko artikulu eta erreportajeak; prestakuntza mailan dagoen Andoaingo guduaren herri-antzezpena…”
Ni ere bat nator iritzi horrekin. Baina, dena den, ederra iruditzen zait andoaindar egiten gaituen hori BILTZEA eta ADOSTEA. Biltzea eta adostea elkarlanean. Biltzea eta adostea, batez ere, belaunaldi gazteei transmititzeko. Andoaindar izateak beraiengan ere emozioak piztu ditzan eta herriko harreman sareko parte senti daitezen.