JARTZEN, UZTEN, GELDITZEN, ELKARTZEN...
Aurreko hitz hauen erabileraren inguruan azken boladan kezka bat ari zait handitzen eta handitzen. Nire iritziz orainaldiko aditz era hori nagusitzen ari da, zabaltzen eta zabaltzen esamolde askotara , egoera gehiegitara… Landare mota inbaditzaile batzuk eremu guztiak hartzen ari diren bezala, horrela ari da hau ere bereak ez diren lurraldeak harrapatu eta dena kutsatuz. Badirudi ekintza horiek egunero eta uneoro egiten ari garela...
Adibide batzuk jartzearren:
Kirol begiraleak neska-mutilei:
- Hartzen dugu baloia ezkerreko eskuarekin, pasatzen dugu eskubikora eta azkenean jaurti egiten dugu.
Bikotekide batek besteari:
- Joaten gara arratsaldean hondartzara eta gero jaten dugu pintxo bat Alde Zaharrean?
Lagunak lagunari:
- Gelditzen gara Zumea plazan, bale? Handik, nahi baduzu deitzen diogu Ainarari.
Amak haurrari:
- Jaten duzu sagarra eta ondoren goxokia erosten dizut.
Neskak aitonari:
- Hor gainean uzten dizut eta sartzen didazu armairuan.
Dena orainaldian esan behar hori, nondik dator? Etorkizuneko aditz formari beldur diogu, ala? Orain arte esaera horiek euskaraz nola ziren ahaztu egin zaigu, edo? Niri senak esaten dit euskaraz tradizioz esamolde horiek ez direla inoiz horrela erabili. Bai, akaso, ondorengoak:
- Hartu ezazue baloia eta azkenean jaurti egin ezazue!
- JoanGO gara hondartzara eta gero pintxo bat janGO dugu.
- Zumea plazan geratuKO gara eta handik deituKO diogu...
- Jan ezazu sagarra eta ondoren goxokia erosiKO dizut.
Aitortzen dizuet, ez dakit hainbesteko indarra hartu duen delako modu horrek edo niregan hori entzutea obesio bihurtzen ari den. Entzunaren entzunez-edo, nire burua behin baino gehiagotan topatu dut, jokoz kanpo, estilo horretan hitz egiten.
Aspaldi euskaldun berriren bati aditu izan nion horrela hitz egiten. Orain gazteei barra-barra, baina hain gazte ez direnei ere entzuten diet halakoak esaten hitzetik hortzera. Eta, nire harridurarako, adinekoei eta euskaldun peto-petoei ere bai, maiz.
Eta esango didazue… Bai, baina hori adierazteko modu modernoagoa da!
Modernoagoa…, edo gaztelaniaren kalkoa? Gaur egungo hizkera adierazkorra erabiltzeko gaztelaniaren edo ingelesaren egiturak kopiatu behar ditugu?
Andoni Egañari orain gutxi irakurri nion ondoko hau eta nire egiten ditut haren hitzak: “...kanpoko joerak aisa egiten ditugu gure. Hori ona da joera ona denean. Txarra denean, aldiz, txarra.”
Saia gaitezen hizkuntzarekin sortzaile izaten. Bai, berritzaile izan gaitezen! Bila dezagun adierazkor izatea, eredu berriak osa ditzagun, esamolde indartsuak, bixiak asma ditzagun. Baina horretarako hizkuntzaren erabileraren tradizioari ostikoak eman gabe!
Hona hemen nire gonbitea: piztu zuek ere radarra; jarri, jarri belarria ingurukoen hitzei eta baita zuen mingainetik ateratzen diren esaldiei ere. Eduki sarea prest horrelako aditz forma arrotzak harrapatzeko. Askotan eta askotan lekuz kanpo topatu baietz!
Ez dakit zein izango den zuen iritzia. Edozein dela ere, egin dezagun gure erabilera zuzentzeko ahalegina. Eta, batez ere, ea lortzen dugun hizkera bizia SORTZEA, esaerak ASMATZEA, euskarari frexkotasuna EMATEA!!
Ez gaitezen aritu, mesedez, “...beti eskamak kenTZEN!!