Plazaolako bide berdea

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iartza 2011ko eka. 1a, 10:26

Guk Tren-txikia deitzen diogu, baina beste izen ponposu hori askotan ikusten dut idatzia, orain. Eta pentsatzen jarriz gero, izena egokia da, paisaiaren berdea nabarmena baita, urte-garai honetan bereziki: Baltzuketa inguruko zelai aldapatsua goiko aldean zaldiak daudela; Antzizar aldetik Ernio eta Gazume zuhaitz artetik ozta-ozta ikusten direla; Sagamuñoa, alfonbra tontortu baten antzekoa; Sasierrotako sagasti txukuna; Axukalte zubia zeharkatzean aurrez-aurre duzun zirko zuhaizduna, Prexaburu inguruko horma hezea goroldioz eta garoz josia...

Baina “bide berdean”oinezkoak lasai ibil zitezkeela uste nuen nik eta nire okerraz konturatzeko hainbat sorpresa topatu izan dut han:

Bigarren tunel barruan sartu eta atzetik lau txirrindulari ezker-eskubirako errenkadan, bidea alderik -alde beteaz, abaila bizian: “e,e, bagoazela!!” buila eginez. Bai, bai sumatu ditut, baina ezkerreko paretetik harago nora joan behar dut, ba?

Oinez noala, maiz gelditu egin behar dut edo bide bazterrera joan behintzat. Kotxe bat, hurrena bestea, lanrroberra gero, motoa, quad bat trumoi hotsa atereaz...

Aurrerago, eskalatzaileak aritzen diren arroka haien ondoan, bide ertzean jeep berdea geldirik, hiru edo lau “berde” kanpoan bakoitzak bere arma niri begira duela...

Banoa ni “legionario” pausoan, eta halako batean nire ondoan zakur handi bat jarri zait. Ez dakit bere jabea naizela uste duen, baina hor jarraitzen du bide luzean arnasestuka, nire paretik mugitu gabe: “Tor, hator!” egiten dio karraxi nagusiak atzetik, baina hari kasurik ez. Gero, txakurra nire inguruan itzuli-mitzulika hasten da. Bitarte horretan nik bi pauso azkar, lau motel... trabatu eta lurrera joan ez naizenean...”Tor, hator!” berriz ere, handik puska batera jabeak. Azkenean, korrika dator bere bila: “Lasai, zintzoa da, ez du ezer egiten, e?”...

Bosgarren kilometrotik aurrera oztopoak bakantzen doaz. Bertxin aldean paisaiaz gozatzeko aukera handiagoa da. Txoriak txistu hemen, antzeko erantzuna han, beste aldean. Errekako uraren murmurioa entzuteko geldiunea egingo dut Txapela parean. Goian, mendi hegian laino artetik argi izpiak azaltzen dira keinuak eginez...

Itzuleran naturaren ezaugarrietan erreparatzen jarraituko dut. Huntza han eta hemen ikusten dut, sigi-saga enborretan gora doala, multzo handiak osatuz beste pareta hartan. Inguruko loretxo txikiek kolore bixiz janzten dute, morea, urdina, horia, arroxa, Kaxkabeltzako ibar-zulo ilun hostoduna, oihanaren antzekoa...

Bai, Tren-txikiko kolorea oinarrian berdea da. Tonu asko nahasten dira, baina nagusia berdea. Ezaugarri hori nahikoa ote da, baina, “bide berde” izendatzeko?

Nik, oinezko naizenez, bigarren tunel ondorengo kilometroetan ere lasaitasun handiagoz ibili ahal izatea eskatuko nuke, oinezko bezala eskubideen jabe naizela, erabiltzaile ahulena ez naizela sentitzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!