Aspalditik datorkigu hurritza makilaren laguntzaz baliatzea ibilaldi hauetan. Baina azken urteetan Europa iparraldeko herrialdeetatik datorren ohitura hedatu da. Han neguan elurretan eskien irristatzea maite zutenei, luze egiten zitzaien elurrik gabeko unea, eta garai horietan bi makilez baliatzen hasi ziren oinez ibiltzeko, “Nordic walking” izena jarri ere. Globalizazioaren ondorioz, hori ere iritsi zen gurera…
Edozein kirol erregularki egiteak bere onura dakar, dena bezala egoki eta neurrian egiten bada. Ipar martxak oinez ibiltzeari beste mugimendu hauek ere gehitzen dizkio: oinak eta hankak erabiltzeaz gain, bi besoak ere martxan jartzen dituela; bizkarra zuzen eramaten laguntzen duela; sorbaldak mokorrarekiko biratzen direla; eskuek bastoiak askatu eta helduz joaten direnez, ireki eta itxi egiten dutela… beraz ibiltze soilaz gain gorputzeko atal gehiagok lan egiten dutela eta energia gehiago erretzen dela.
Jakina da naturara joan eta ibiltzea osasuntsua dela berez, arnasa sakonago, garbiago hartzen dugula. Baina teknika hau erabiliz oxigeno gehiago iristen da gure odolera giharrek lan gehiago egiten baitute. Ipar martxaren onuren artean aipatzen da serotonina maila ere igo egiten dela, gure aldartean eraginez. Baina ipar martxaren teknika ikastea komeni da, ongi egiten ikasteko eta ohitura txarrak hartzea saihesteko. Teknika ikasteko bizpahiru orduko ikastaro batekin aski da, eta gaur egun badira ongi prestaturiko monitoreak nonahi.
Oinez ibiltzea gustuko baduzue, ipar martxaren martxa ezagutzera animatu nahi zaituztet, polita da, atsegina…