Hiletak

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Etxeberria Canales 2016ko aza. 10a, 01:00

Sortzez elgoibartarra naiz, baina bizitzak Andoaingo Sorabilla auzora ekarri ninduen bizitzera duela 18 urte.

Azken asteetan bi lagun hil zaizkit: lehena Andoainen eta bigarrena Elgoibarren. Bakoitzaren senitartekoek hiletak elizan egitea erabaki zuten eta bietara joan nintzen. 

Lehen lagunaren hiletan (Andoaingo parrokian), apaizak gogora ekarri zuen lagun honek zenbat festatan parte hartu ote zuen bere bizitza osoan, bere sena musikari emana baitzeukan: musika talde batean jotzen zuen gaztetatik azken egunera arte eta hainbat txarangatan ere bai. Beti festarik festa herriak alaitu nahian. Berak musika zuen maite. Hiletan ere ez zen musikarik falta izan saxofoi jole ospetsu bat, bi abesbatza eta txaranga. Ederra izan zen benetan hileta…, baina hiletan jende gutxi zegoela iruditu zitzaidan barruan zein kanpoan, berak hainbat urtetan eta herritan sortu zuen alaitasunarekin alderatuz behintzat.

Bigarren lagunaren hiletan (Elgoibarko parrokian) ere lagun gutxi sumatu nuen. Nire umetako eta gaztaroko laguna nuen. Hiletan ikustea espero nuen elkarrekin egin genituen lagunak ikastolan, institutuan, kalean eta parrandan…, baina dozena eskas bat besterik ikusterik ez nuen lortu. Ikastolako andereño bat ere tartean.

Baliteke bi elizkizunetan faltan sumatutako horiek Tanatoriora joan izana familiartekoei doluminak ematera; baliteke norbaitzuk fededuna ez izanik zertarako hurbilduko naiz ba elizara esatea; baliteke denborarik ez izatea/hartzea; baliteke erritu motarekin adostasunik ez izatea; baliteke…

Bi egoera hauek idaztera bultzatu naute, eta horrela idatzi hau Barren Elgoibarko astekarira eta Aiurri Beterriko hamaboskarira bidaltzeko asmoa hartu dut, adoretuta. Ez naiz ni kristau fededuna, baina bizitzan konturatu naiz badudala erritualak egiteko behar bat: semea jaio zenean; mendian gailurra igotzen dudanean; badaude errituala, zeremonia edo dena delakoa eskatzen dizkidaten uneak.

Nire belaunaldiko lagun asko hil zaizkit sorterrian tamalez; eta honek bistaratu izan dit bizitzak benetan bizitzea merezi duela, eta bizitzeko modu ezberdin asko daudela, hiltzeko bezala.

Horregatik natorkizue hileten kontuarekin. Azken urteetan ikusten ari naiz gizartean bilakaera laiko bat ematen ari dela: bataio, jaunartze, ezkontza, eta abarretan…, baina hileten momentuan Elizara joaten jarraitzen dela. Baliteke familietan heriotza bat ematen denean, beste nolabaiteko erritual bat antolatzeak zama astunegia sor dezakeela horren une tristean. Beste egoerak (jaiotze, ezkontza…) prestatzeko aurrez denbora izaten baitugu eta gainera alaitasunean. Baina heriotzak tabua izaten jarraitzen du, zaila da norbere eta maite ditugunen heriotzak aurrez irudikatzea. 

Ba horretara animatu nahi zaitut irakurle, zure maiteekin hitz egitera nola nahiko zenukeen izatea zure azken agurra, zerbait ziurra baldin badago, denok hilko garela baita.

Eta herrietako agintariei zer esan…, badela ordua herri bakoitzean gune egoki bat prestatzeko herritarrei azken agurra egiten errazteko. Euskal Herriko klimak ez baitu laguntzen edozein urtarotan kalean horrelako bilkurak modu txukun eta duin batean antolatzen.

Denok merezi dugulako gure bizitzarekin bat egiten duen agur bat, eta gertuko bat hiltzen zaigunean asko eskertzen delako berarekin batera bizitako kideekin bat egitea. Hala bedi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!