Etxezulotik

Etxezulotik lana egin behar honek, nik eskolako familiekiko jarrita nituen mugak haustera eraman nau, nire beharrez…

Sekula santan egingo ez nituenak egin ditut eta egiten ari naiz, itxialdia hasi zenetik… Nire buruarekin harritzeraino…

Oraintsu arte, beti mantendu izan dut nire telefono zenbaki pertsonala babesean, baita nire bizitokia, eta intimitatea ere bai; nire burua babestearren, nire bizimoduan libre sentitzearren, ni kontrolatzeko-edo aukerarik ez ematearren eskolako familiei. Behar izanez gero, hor egoten ginen eskolako atarian eguneroko gorabeherak aipatzen, eta etxetik zerbait esan nahi izanez gero hor zeukaten laneko helbide elektronikora idazteko aukera ere. Nik banituen etxekoen telefono zenbakiak, etxeetakoak eta kasu askotan
bikoteko bakoitzarena ere bai, baina beraiek nirea ez, ez horixe, ezta pentsatu ere!

Ni tutore naizen gelako umeen gurasoek bazuten whatsapp talde bat birus hau iritsi aurretik, eta sortu zenean (duela bi ikasturte) eskaini zidaten bertara sartzeko aukera, eta nik batere pentsatu gabe, uko egin nion, nire printzipioetariko bat baitzen nire telefono zenbakia babesean mantentzea. 

Baina hara non, ditxosozko egoera honetan, inork eskatu gabe, ni neu jarri naizen deika nire babesturiko telefonotik beraien berri izateko, whatsapp taldean ea onartuko nauten ere galdetu diet, bideo-deiak egin ditut familiekin, umeekin hitz egin nahian.

Zer moduz zeuden jakin nahi nuelako, zerbait behar ote zuten galdetu nahi nielako, aitona-amonak ondo zeudela ziurtatu nahi nuelako…

Haur Hezkuntzako profesional bezala badakit, umeek zerbait behar badute, entzunak izatea dela, ikusiak izatea behar dutela…, eta bakoitza bere etxean egonez ba ordenagailu eta mugikorrak bihurtu zaizkigula ikasleekin komunikatzeko ezinbesteko tresna. Nire kasuan haurrek 3 eta 4 urte dituztenez, mugikorra ari gara erabiltzen gehien, beraientzat eta heldu askorentzat erabilgarriena delako. Baina oso zaila eta neketsua egiten ari zait, nire etxezulotik, bidelagun izaten jarraitzea taldeko 17 haurrekin, beraien begiradak, jolasak, marrazkiak, abesti, hitzak, eskerrak, instante batean iristen zaizkidalako eta orduak eta orduak, egunak eta asteak daramatelako bakoitzak bere familiako egoera singularrean gainontzeko umeekin jolastu gabe, ukitu gabe, ikusi gabe, elkar elikatu gabe… Eta niri, zin dagizuet, oso zaila egiten ari zait ume bakoitzak zer behar duen asmatzea etxezulotik. Azken finean hori baita eskolan egiten dudana, haur bakoitzari, nire begietatik begiratuz, behar duena eskaintzea, eta orain ez zait nahikoa argazki bat, whatsapp audio bat… Gainera, jakinik egoera oso zaila bizitzen ari garela denok, noria emozional batean, beraiek ere ni bezala, etxezuloan sartutik…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!