Etxera iritsi, emailak errepasatzen hasi, eta hara non aspaldiko lagun batek idazten didan 30 urte direla AHTaren aurkako mugimendua martxan hasi genuenetik, eta bidean sorturiko materiala biltzen hasita daudela, erakusketa eta bideo bat osatzeko asmoz. Ea badudan zerbait...
Duela 30 urte gu gazte ginen (eta ez geunden konforme), eta orduan gazte baginen, 30 urte beranduago ezin ba gazte izan!!
Eta, poliki-poliki, etxean gordeta dudan materialaren artean AHTaren inguruko kartelak ikusiz, argazkiak aurkituz, gogora ekarri nituen duela 30 urte Euskal Herri mailan sortu genuen AHTaren kontrako asanblada.
Niretzat oso garai interesgarriak suertatu ziren haiek, bizitza ulertzeko eta bizitzeko eredu berri batzuk ezagutzeaz gain, Ama Lurra, desarrollismoa, txikizioa, uraren maila freatikoa, birziklapena, kontsumismoa eta halako kontzeptuak ezagutzen eta erabiltzen ere hasi baikinen.
Eta asanblada autogestionatuetan, hainbat mendi-martxa, aldizkari, hitzaldi, kontzertu, erakusketa, akanpada, antzerki, bizikleta-martxa, pegatina, manifa, asanblada, sagardotegi, bazkari... antolatzeko gai izan ginen.
Mota eta jatorri ezberdineko pertsonak osatzen genuen asanblada, batzuk mendizaleak, besteak naturazaleak, okupak, barazkijaleak, parrandazale amorratuak, ekologistak, antidesarrollistak... Baina aitortu behar dizuet pertsona interesgarri asko ezagutu nuela, lagun asko egin nituela bidean... Eta orduan esaten genuen AHTak ez zuela errepideetako trafiko-emaria gutxituko, gure errepideetan ez zela kotxe edo kamioi gutxiago ibiliko tren azkarragatik; tren azkarrak ez zuela merkantziarik garraiatuko... Baina hor jarraitu dute, tematurik, gure ingurua zulatzen, mendi eta zelaiak porlanez betetzen, iturriak lehortzen...
Garai haietan Eusko Jaurlaritzak dirua aurreratu zuen Europa edo Espainiatik dirua iritsi aurretik, lana aurreratze aldera, EAJk interes handia baitzuen makroproiektu horretan. 30 urte hauetan, gure zenbat eta zenbat diru xahutu ote dute? Aurrekontua hiru aldiz handiagoa? Lau? Bost? Horrek berdin die agintariei..., izango dute beraien familian norbait proiektu honen kontura aberasten ari denik.
Oraingo gazteak ere hasiak dira klima-larrialdiaz kezkatzen, Lurraren etorkizunaz arduraturik... Ba esan nahi nieke oraindik tren bizkor honen lanak ez daudela bukaturik eta gure lurretan oraindik ez dagoela martxan, beraz, batu daitezela AHTaren aurkako borrokara, berandu baino lehen proiektu txikitzaile hori gera dadin, tren azkar hori Euskal Herrian ibili ez dadin.