Gure inguruko belardi eta baratzetan zabaltzen den simaurrari ere usaina dario, baina horrek ez gaitu kezkatzen, hori badakigu zer den eta, lurrari ona eginez gero, onartua dugu beharrezkoa dela.
Itasako keari darion kiratsak, aldiz, asko kezkatzen gaitu. Ez dakigu zehazki zeren ondorio den, eta, usaina oso kimikoa denez, nazka, beldurra, ondoeza eta, azkenaldian, ezinegona sortu du inguruan bizi garenongan.
Itasak eskaintzen dituen produktuen katalogoari begiratuz gero, aurkitzen diren produktuek nahiko kaltegabeak dirudite: elikadura-enbalajeak, linersak, zinta itsasgarriak, Kraft papera, pegatina-papera...
Eta produktu horiek ekoizteko erabiltzen diren osagaiei erreparatuz gero, besteak beste, PVCa, beira eta silikonak aurki ditzakezu. Badirudi egunerokotasunean esku artean erabiltzen ditugunak direla.
Bai, esku artean erabiltzea ondo dago, aukera bat da, baina osagai horiek norberaren gorputzera sartzea ez da gauza bera; gure inguruko airea osagai horietaz kargaturik dagoela sentitzea eta hori arnasten ari garela jakitea ez da gauza samurra.
Norberaren etxeko leihoa irekitzera ausartzen ez denik ere badago gurean. Irudikatzen al duzue zuen etxeko leihoa ireki aurretik inguruan usain erasokorra dagoen ala ez ikuskatu beharrean bizitzea?
Ba horrela gabiltza azken hamarkadan Sorabillako plazako biztanleak.
Eta ez da izango kolore ezberdineko udal-agintariekin elkartu eta gure arazoa jakinarazi ez diegulako, ez.
Ez da izango ezta ere udaleko Ingurumen-teknikariak gai honi buruz ezer ez dakielako, ez. Haiekin zenbait bilera izan baititugu auzotarrok, eta Auzo Elkarteak ere bai.
Usaina dagoen egun gehienetan mezuak helarazten dizkiegu, eta hainbat eta hainbatetan udaltzainak ere bertaratu izan dira usainaren partea hartzera.
Badakigu Andoni Alvarez gaur egungo Andoaingo alkatea irailaren 26an bildu zela Itasako enpresarekin gai hau tratatzeko, eta enpresak dio lantegiko ekoizpen zehatz baten ondorioz isurtzen dituztela usain hauek.
Badirudi bileraren ondoren udala Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarriko dela, hau guztia aztertu eta zer konponbide jar daitekeen ikusteko.
Noiz?
Nola?
Ez dakigu...
Dakiguna da Itasari oso ondo doakiola negozioa, etekin ekonomiko ederrak ateratzen dituela eta orain, gainera, Estatu Batuetako kapitala dagoela bertan inbertitua.
Horren aurrean zer gara gu? Babesik gabeko herritar xume batzuk baino ez?
Badakizue, gainera, hego-haize goxoetan izaten ditugula usainik handienak?
Ba horiexek Sorabillako berriak, lagunak.