Izerditan blai pasa ditugu azken egunak; hezetasunak kamisetak eta galtzak besarkatu ditu gorputzera, gure buruari sinestaraziz uda bete-betean sartuta gaudela eta zein ondo bizi ginen duela aste batzuk euri freskoari begira, orduko tenperatura, laino gris eta D bitamina beharrak erabat ahaztuta.
Hasi gara hondarra etxera eramaten; behatzetatik ezin kendu ibiltzen gara, hondartzatik atera bezain pronto hezetasunak eta beroak itsatsitako hondarra uda osoan hanketan eramatera kondenatu izan baligute bezala. Kras-kras hotsa sorrarazten dute orain hankek etxetik oinutsik gabiltzanean, hondartza, oporrak, beroa eta hezetasuna nahasten diren honetan.
Gu ere, oroitzapenetik ezabatu nahi izan dugun eguraldi makurrarekin hasi ginen talde lanean. Oraindik ez ziren hondar aleak etxera iritsi, are gutxiago uda parterako oinetan itsatsita geratuko diren hondar ale tatuatu horiek. Aterkia lagun onenaren pare ibili genuen garaian bildu ginen herriz herri Euskaraldiari lehen pausoak ematen lagunduko dioten taldeak.
Buruan eraiki ezinik gabiltzan etorkizun oso hurbileko kontua izango da Euskaraldiarena, egun argitsuetatik ilun antzekoetara eramango gaituen garaikoa. Jada etxe askotan lekua egin duen hariketa soziala izango da, azaroaren bukaeran abiatuko dena eta ustez Euskal Herri osoko hizkuntza ohiturak astinduko dituena.
Hasi gara batean eta bestean herritarren memorian izena iltzatzen: Euskaraldia. Izan pegatina bidez, azaroan etorriko denaren kontakizuna edo Ahobizi eta Belarriprest izenen aurkezpena, leku bat egiten ari da gure bizitzetan. Batek baino gehiagok aspaldiko garaiak berreskuratuko ditu: batzuk duela urte batzuetako denboretan eramandako txapak ekarriko dituzte gogora ahoaren edo belarriaren marrazkia paparrean daramatela; beste batzuentzat ordea, zaharkituta geratu diren hizkuntza ohiturak astintzeko tenorea izango da, euskarara hurbilduz.
Jarraituko dugu udan ere Euskaraldiarako prestaketa lanetan. Zorroztuko ditugu belarriak eta dantzan jarri ahoak. Etorriko gara udazkenean zuen etxera ate-joka, eskainiko dizkizuegu txapak, ahoak eta belarriak. Eta oroitaraziko dizuegu urriko eta azaroko ilunabarretan, uda aspaldi igaro zen arren, guk oraindik hondarra oinetara itsatsita daukagula, euskara noiz astindu zain.