Pasa zen zirkoa, pasa zen harrabotsa, igaro ziren buruan ditugun esaldiak. Egin genituen esfortzuz betetako metroak, kilometroak arin egiten dituztenen inbiditan. Garrasika eztarritik gora taupadekin nahastuta atera zitzaizkigun euskararen aldeko aldarriak. Ahoa bete zitzaigun euskal hitzez, historian geratuko diren esaldi ezagunekin, eztarria emozioz korapilatu, nekearen poderioz urruntzen ari zitzaigun lekuko bat begi ninietan iltzatuta geratu zitzaigunean.
Aldarrikatu genuen Euskal Herri euskaldun bat, nire kasuan Andoain euskaldun bat, euskaldunon hizkuntz eskubideak eta doako helduen euskalduntzea. Ilusioz beteta itxaron genion adunarrek zekarten lekukoari, haur moduan Olentzeroren zain bageunde bezala. Begiak bete zitzaizkigun, lausotu zitzaigun ikusmira: berriz irten ginen errepidera, bi urte segituan pasa dira, datorrenean ere irten gaitezela eta ez diezagula orkatilak horrenbesteko lanik eman.
Igaro zen bizirik dagoen egur zatia, bi urtez behin euskaldunen eskutik eskura pasatzen den lekukoa. Ilusioz blaitu genituen kaleak baina euskara ez zen itzuli, nonbait galdu zen. Gauez lan egin zuen pausoz pauso eta herriz herri; ezer magikorik ez zen sortu, ordea.
Ez genuen biharamuneko oparirik jaso, ez zen herria erabat euskaldundu. Kaleak huts, euskara umezurtz eta ilusioa gainbehera. Errezeloa daukat ez ote dugun alarma egoeretan soilik ateratzen gure euskaldun izaera; Korrikak gure barrena nahasten duela eta lekukoari merezitako ongi etorria txaloka egin ondoren, txirrindulariak pasa ondorenean bezala sentitzen garela: euskarari animozko kolpetxoak jotzen dizkiogula bizkarrean, segituan bizkarra emateko, konturatuta edo konturatu gabe.
Baina bizirauten espezialistak izaten jarraituko dugu, izan metroka edo kilometroka. Arrazoi beragatik lanean jarraituko dugu eta min izugarria emango digu berriz euskaltzaleren bat hiltzean, gure baitako hitzak galtzen ariko bagina bezala izango baita, mutu gelditzeko beldurrez. Inbidiaz jota begiratuko diegu korrikalari arinei, kostata metroak egiten ditugun bitartean. Baina letren errepublika euskalduna izango da beti eta euskara ez da desagertuko, telefono agendan zure zenbakia mantenduz sekula desagertuko ez zaren moduan.