Koloreak

Erabiltzailearen aurpegia Ariane Kamio 2016ko mar. 3a, 01:00

Ehun urte pasatxo dira Lehen Mundu Gerra lehertu zenetik. Europa goitik behera aldatu zuen Gerra Handiak. Ekarri zituen hamaika ondorioetako bat, Ipar Euskal Herrian euskararen estatus aldaketa izan zen: frantsesari gorazarre egin zitzaion eta badakigu zeintzuk izan ziren eratorritako ondorioak.

 

Lehen Mundu Gerrak, Europa ikusteko moduaz gain, koloreen aldaketa bat suposatu zuen. Ordura arte, kolore gorriaren inguruan zebiltzan koloreak gizonezkoei lotzen zitzaizkien. Urdina, aldiz, emakumearena zen: Amabirjinaren kolorea zenez, neskatoak urdinez janzten ziren. Mutikoak berriz, modan jarri zen arrosa kolorez jantzita ikus daitezke garaiko argazki margotuetan.

Gerra lehertu zenean, ordea, soldaduak marinelez jantzita ikusi ahal izan ziren. Haien omenez, mutikoak marinelez janzten hasi ziren eta urdina gizonezkoaren kolorea izatera iritsi zen. Hortik aurrerako bidea oso ondo dakigu zein izan den.

Urte eta gerra mordoa pasa ziren jaunartzea egin genuen eguna iritsi zen arte. Zuriz egin genuen arren, urre kolorea nagusi izaten zen egun hartan: urrezko eskumuturrekoak, idunekoak eta noski, belarritakoak. Urrezkoak eta perla zuridunak. Jaunartzearen hurrengo egunean, bederatzi urteren bueltan zebiltzan neskek ilea belarri atzean jartzen zuten, soinean zeramatzaten belarritakoak erakusteko. Nik ez nuen halakorik egin. Izan ere, gelako neska bakarra nintzen belarritakorik ez zuena. Ez belarritakorik ezta belarrietan zulorik ere. Artaldeko ardi beltzetan beltzena.

Erabakia gurasoena izan zen, neroni jaio aurretik hartutakoa. Ez zuten emakumeak eta gizonezkoak desberdintzeko balio zuen zulorik egin nahi. Neronek egingo nituela errepikatzen zuten behin eta berriz; eta halaxe egin ere, nerabe nintzela, gabeziak, buruarinkeriak edo ez dakit zerk animatuta.

Morea, urdina eta arrosa nahastuz gero sortzen den kolorea da. Izatez, parekidea: bat eta bestea nahasten dituena, bakoitza nor den ahaztu gabe. Belarritakoen gaia gainditu dugula dirudi; ez da  gaur egun arrarotzat hartzen belarritakorik ez duen neskatoa. Koloreen kasuari buruz hitz egingo dugu beste batean. Balantzaren parekidetasuna bilatzen ari gara egunero, baina oraindik zulo asko dugu estaltzeke; zulo ugari ez sortzeke. Eta horrek ez du koloreekin zerikusirik, emakume zein gizonezkoen lana da, alderaketarik egin gabe. Emakumeon eguna ospatu beharrik ez dugunean nahastuko baitira kolore guztiak, bakoitzak bereari eutsiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!