Egongelak

Erabiltzailearen aurpegia Ariane Kamio 2016ko ots. 2a, 01:00

Noiz edo noiz, bada zerbait gure barruko atea irekitzen duena; buruko artxibategi ilun horretatik oroitzapenen bat argira ekartzen duena. Usain bat izan daiteke, data bat, aspaldian ikusi ez genuen argazki hura.

Gure memoriak hurrenkera matematikoa erabiltzen du oroitzapenak sailkatzerako orduan. Beti dago lehenengo postuan dagoen zerbait, maila desberdinetan banatzen diren oroitzapenen bilduman.
Bat zenbakia daramana da, esaterako, gure oroitzapenen bilduma hura ireki zuen lehenengo bizipena. Aste honetan bertan, nire buruko atea jo duena, adibidez.

Memoriak ezabatu gabe utzi didan lehenengo oroitzapenetako bat egongela bateko irudia da. Egongela zabal ia amaiezin bat da, egurrezko zorua du eta urrutira armairu erraldoi bat ikusten dut. Egongelaren erdian baloi bat dago; nire baloia.

Hazten joan nintzen bezala, ziur naiz egongela ere nire begietara txikitzen hasi zela. Armairua ere txikituko zen, noski, eta baloia ez da jada esfera erraldoi hura izango.

Oroitzapenak ez du datarik, baina hogeita hamalau urte izan ditzake.

1980ko hamarkadaren hasiera hartatik hona gure herria aldatzen joan da, egongela hura bezala. 400 txokotatik etorri ziren andoaindarrak aldatu dira eta erabilerak kontrakoa adierazten duen arren, euskaldun gehiago gara herrian.

Egongela haren jabea, Teo, espainiar estatutik Andoaina etorri zen emakumea da. Bi urte nituela ezagutu nuen baina ez dut une hura oroitzen. Memoriak, nahi duenean gaiztoa den horrek, aspaldi ezabatu zuen Teo ikusi nuen lehen une hura.

Memoriak, ordea, hizkuntza baten gomuta utzi zidan. Jatorri erdaldunekoa izan arren, Teok euskara erabili zuen gaztelania erabat arrotza zitzaion neskatiko honekin. Zekien guztia, gehienbat senarra zenarengandik eta alabengandik ikasitako hura, nirekin goxo erabili zuen.

Artzeren esaldi famatu hura hamaika aldiz erabili dugu, euskaldunok gure hizkuntzaren bizirautea bermatzeko lanak tona askotako pisua izan baitu. Ez dugu ahaztu behar, ordea, euskara jakin ez baina seme-alabak euskaldundu dituzten horien lana. Edo euskara ikasten ari direnen izerdia, zein euskaraz dakizkiten hitz guztiak erabiltzen dituzten erdaldunena.

Delitu bera baitute euskara arbuiatzen duen erdaldunak eta bere hizkuntza hitz egiteko ganorarik ez duen euskaldunak.

Hazten joan garen bezala, ofizio eta lanbideak bideratu dizkigu bizitzak. Behingoagatik, ordea, egoerak aldatuko ditugu. Oholtza gaineko lana edo aurkezle papera egongelako emakumearen esku utziko dut, gustura, abenduaren 2an.

Andoainen jaio ziren euskaldunak eta andoaindar bihurtu zirenak elkartuko dira mahai-inguru batean eta tartean, Teo izango da. Gai nagusia, euskara.


Adi entzungo dizkiegu ainubean bizi zen hizkuntza arrotz hari buruzko bizipenak eta gogoetak. Etxeko egongelan egotea bezala izango da, euskara lagun dugula.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!