Telefonoz

Erabiltzailearen aurpegia Ariane Kamio 2014ko urr. 9a, 10:12

Hara, badator Martin Ugalde. Praka motzak soinean, apretak oinetan. Artean, haurra da oraindik. Asko geratzen zaio idazle izateko. Gerra eta erbestea ere ezagutzeke ditu. Badator Etxeberrietatik Zumea kaleko telefono publikoen zentralitara, amari eskutik helduta.

Martin txikiaren amak, Anttoni Orradrek, Hernaniko senideei deitu behar die telefonoz. Ugalderen ama euskalduna da; baita Hernanin bizi diren senideak ere. Telefonoa belarriaren kontra jartzen duenean, ordea, hizkuntza aldatzen du. Hariaren alde banatan daudenek gaztelania erabiltzen dute hitz egiteko garaian. Martinen amari, itxuraz, telefonoz hitz egiteko orduan gaztelania erabili behar zela iruditzen zitzaion. Eleganteagoa izango zitzaion, beharbada; bai berari eta baita garai hartako herritarrei ere.

Idazle handia izango zenaren begietatik beste irakurketa bat sartu omen zen: tramankulu hark ez zuen euskara ulertzen. Horregatik hitz egiten zuen amak gaztelaniaz. Ez zegoen beste ulermen biderik: telefonoz erdaraz hitz egin behar zen derrigor. Zertarako hitz egingo zuen amak erdaraz bestela?!

Martin Ugaldek bizi izan zuen egoera hark irrifar txikia sorrarazten digu. Tramankulu berri eta modernoa zen telefonoak gaztelania bezalako hizkuntza ustez elegantegoa merezi zuen garai bateko andoaindarrentzat.

Zuri-beltzean datozkigun irudi haietatik urte mordoa pasa da. Telefonoaren zikloa, ordea, bueltan etorri zaigu. Zumea kaleko zentralitara joan beharrik ez dugun arren, haur txikiaren pasartea berriz dator gure begietara:

Sakelako telefonoak eskaintzen dizkigun zenbait aplikaziotan gaztelania hutsean aritzen dira herriko euskaldunak. Beharbada eleganteagoa izango delako Instagram-eko argazkien oinak gaztelaniaz idaztea; edo, agian, euskarak ez duelako sare sozialetan leku duinik merezi.

Euskaraz alfabetatu ginen eta euskaraz idazteko gaitasuna dugu, izan euskara batuan edo beterrieraz. Zenbait kasutan, ordea, gaztelaniak gehiago erakartzen gaitu. Mingaina dantzatzean izan daiteke, herriko kaleetan euskararen erabilera lotsagarria ikusita. Edo gure idoloek gaztelania erabiltzen dutelako sare sozialetan argazkiak edo esaldiak txertatzen dituztenean. Eta noski, haiek egiten dutena geuk ere egin beharko...

Martin Ugalde txikiaren Andoain euskalduna zen eta gaztelaniaren erabilera telefonoa bezalako tramankulu modernoetarako eta administraziorako uzten zen.

Martin Ugalde zenaren Andoain euskalduna da eta gaztelania erabiltzen du etxean, kalean eta telefono modernoetan.

Eta gu konturatu gabe, herriko euskarari bateria ahitzen ari zaio.

Aipua: Martin Ugalde zenaren Andoain euskalduna da eta gaztelania erabiltzen du etxean, kalean eta telefono modernoetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!