Berdintzen

Erabiltzailearen aurpegia Ariane Kamio 2013ko urr. 3a, 10:22

Aldapei pendiza kentzea berdintzea da. Laua den bidea maite dugunetik nahiago izaten dugu zaila den hori leuntzea. Aldapari aldapa izena kentzea bezala da; zaila dena erraztea; urrun dagoena esku artean izatea.

Berdintzen pasatzen dugu denbora: zaila dena erraztu nahi dugu, eta urrun dagoen hori gertu sentitu. Gau eta egun: loak hartzean amesten dugun bitartean eta baita iratzargailuak lozorrotik itzultzen gaituenean ere.

Desberdinak ginela uste genuen. Aldapak maite ez zituztenei kontra egin eta bide malkartsuak hartzen genituen. Ez genuen, finean, haien berdinak izatera iritsiko ginela pentsatu ere egiten. Geure buruetan ez zegoen horretarako tokirik.

Baina noizbait, konturatu gabe, gainezka egin zigun buruak: berdintzerako aldaketa iritsi zen. Akabo lehen ulergaitza zitzaigun hura: irakasleei ezinezkoa egiten zitzaien Ainara eta Naiara izena zutenen arteko bereizketa egitea. Ez genuen ulertzen; ariketa erraza zen guretzat.

Orain, aldiz, Naiarak eta Ainarak desagertu dira gure ondotik; baina Malen eta Maren nahasten ditugu, adibidez.

Konturatu gara gure gurasoen antza hartu dugula, denborak aurrera egin ahala. Kalean ikusten ditugun gaztetxoei begira jartzen gara: oinetan daramatzaten zapatak itsusiak zaizkigu. Zer esanik ez Inken zibilizazioko irudidun praka zatar horiek. Edo loredun beldurgarriak. Begietara min ematen digutela esaten diogu elkarri. Ez pentsa, gure amek jarriko luketen doinu berarekin sortzen dugu esaldia. Burua bihurtzen dugu itxurari beste behin errepasoa emateko. Gogoan hartu gure gaztaroko moda haiek ulertezinak zirela gure gurasoentzat. Geu gara orain helduen lekua hartu dutenak. Dena berdintzen baitoa, apurka-apurka bada ere.

Itzuli dira modak, beste behin. Orain ez gara gu 70eko hamarraldian ematen ziren galtza horiek berrerabiltzen dituztenak. Utzi diogu etorkizuna izateari; orain lehenaldiko eskailerako maila bat besterik ez gara. Guk erabiltzen genituen oinetako haiek modan jarri dituzte gaztetxoek.

Oharkabean hartu ditugu gure aurrekoen zantzuak. Ibilerak kopiatu omen dizkiegu; baita izaera ere.  Lanean hasi ginenetik ere beren antza hartu omen dugu. Aldapak leuntzen goaz, konturatu ere egin gabe.

Dena itzultzen da berriz; moda bat gara gu geu ere, guztia berdintzen baita, aurretik etorri zitzaizkigunen bidea hartu arte. Konturatu gara antz izugarria hartzen ari garela. Eta horrek bertigo itzela ematen du; amildegia leuntzen doan arren sortzen den bertigoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!