Zebra-bideak

Erabiltzailearen aurpegia Ariane Kamio 2012ko aza. 22a, 12:37

Txikia nintzela beldur itzela nion errepidea bakarrik zeharkatzeari. Autoak azpian harrapatutako haurren istorioak etortzen zitzaizkidan gogora. Nagusiek kontatzen zizkiguten pasadizo haiei kutsu dramatikorik behinena ematen nien, antza. Semaforodun zebra-bidean soilik desagertzen zen izua.

Kaleberrian zeuden etxe ondoko bi zebra-bideak. Garai batean kostata geratzen ziren autoak; eta kostata itxoiten zuten oinezkoek semaforoa berdean jarri arte. Gaur gizontxoaren ikur gorriaren kolorea noiz aldatuko zain egon gara Basteroko horretan. Ingurua aldatu da, semaforoa bertan beti egonagatik. Basterotik behera doan Kale Nagusiak ere zebra-bide baten itxura hartzen du. Duela zenbait hilabete jarri zen argiteria berriak kalearen zati bat argi zuriz janzten du, beste zatitxo bat ilunpean utziz. Eta horrela, zebra-bide berezi horri jarrai diezaiokegu Zumea kaleraino iritsi arte.
Alabaina, aste honetan argiteriari erreparatu gabe zeharkatu dut Bekokalea. Ariketa memoristikoa egitea suertatu zait, gainera. Oharkabean, bi denda itxi berri dituztela konturatu naiz; eta beste batek krisketa betirako itxiko du gutxi barru. Oraindik memoriak ez dit zebra-bide handirik jarri burutan eta merkatal-lokal itxietan garai batean zeuden dendak gogora ekarri ahal izan ditut. Orain tabernek, gastronomia-elkarteek eta denda bakan batzuek osatzen dute Bekokaleko erakusleihoa.

Deigarriena, beharbada, urrea erosten duen denda da. Ez da inor ikusten bertan, baina oraindik irekita dago.

Bekokaleak benetako zebra-bidearen itxura izan beharko luke: dendetan geratu, begiratu eta aurrera jarraitzeko aukera bat. Errezeloa dut, ordea, oztoporik gabeko errepidean dabiltzan autoen pare ibiltzen garela bertan: apenas gelditzeko aukerarik izan gabe.

Andoaindik gertu eraiki zituzten merkatalgune erraldoiek hil zituzten hainbat eta hainbat denda. Janaridenda txikiak ipuinetako istorioak direla dirudi, bakan batzuk geratzen baitira gure inguruan.
Bekokalea jendez beteta oroitzen dut; eta Basteroko zebra-bide ondoko dendan zeuden kolonia poto txikiak ikusten itxaroten nion semaforoko gizontxo berdeari. Orain aldiz, kalea lurperatzen gabiltzala dirudi.

Garaiak aldatu direla esatea, esaldi merke bat idaztea da. Ez dut ardurarik eskatzen, krisi garaian biziberritzeko planentzat dirurik ez dagoelako. Okerrena da, ordea, gero eta jende gutxiago ibiliko dela Bekokaletik. Eta horrek beldurra emango duela. Izugarria, gainera. Eta helduak gara jada beldur berri bat gure buru txikietan sartzeko. Errepidea laguntzarik gabe zeharkatzearekin nahikoa eta sobera dugulako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!