Amarekin, eskutik helduta hankak paseatuko nituzke. Ez da ariketa zaila egunero amarekin akordatzea. Aspaldi da ez didala aurpegia atzamarrez edo musuzapiarekin garbitu. Baina gaur arratsean, berarekin gogoratu naiz aurpegia garbitu didatenean.
Masaila zikindu dut; zikindu dit, zikindu du. Bihotz gorri-gorridun masailak ditu Marimototsek. Musu eman ondoren, berak garbitu dit aurpegia, atzamarrez. Eta inertziaz begiak itxi ditudanean, amarekin akordatu naiz; udako egunetaz; eta gure kazetari eta idazle lan honetaz...
Beti iruditu izan zait kazetarion arteko borroka lubakien arteko guda dela. Kremailera trabatu baten antzekoa. Batek artikulu bat idazten duen bakoitzean, bestea zain du erantzuteko, tenis partida batean bezala. Normalean gai baten inguruan aritzen gara eztabaidan; baina aldiro-aldiro, lubakiaren beste aldean dagoenak, konturatu gabe, ideia bikainak oparitzen dizkigu.
Aitortzen dut noizean behin La Razón egunkariaren edizio jarraituari erreparatzen diodala. Logelan beldurtuta sartu eta ohe azpian begiratzen dugunean bezala da: egin behar ez den zerbait da, baina indar deskribaezin batek horrelako ekintzak egitera narama. La Razón-en, besteak beste, Alfonso Ussiaren artikuluak irakurtzen ditut; pareko lubakitik gurera datozen harriak.
Ussiak gorroto du euskal kutsua duen gauza oro. Uda hasieran haserre zebilen, Donostiako udaletxeko batzar aretotik espainiar estatuko erregearen irudia kendu zutelako. Hain zebilen erretxinduta ze, hainbait ideia plazaratu zituela. Erregearen irudiarekin hasita, Donostiako zenbait lekuren izena aldatzea proposatzen zuen. Hala ere, pertsona izen bakarra eman zuen: Victoria Eugenia antzokiari Porrotx pailazoaren antzokia izena jartzea proposatu zuen.
Ez da lehenengo aldia Alfonso Ussiak Porrotx edo bere alter egoa den Joxe Mari Agirretxe hizpide duela. Lubakiaren alde hartan dauden kazetariek begitan hartuta dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Aspaldiko kontuak berritu nahi zituen antza, Alfonso Ussiak. Albiste zaharrak indarberritu. Gurera, harri berri bat bota.
Alabaina, Buruntza mendiaren bi aldeetan sortu dugun lubakian pozik hartu dugu antzokiari izena aldatzeko ideia. Nik neuk aldatuko nuke antzokiaren izena, hala behar balitz. Ziur nago Ussiak ez duela pailazoen musikarik entzuten... Eta erabat ziur nago, baita ere, ez duela bere anai-arrebekin Porrotxen bibotea abestuko, autoan ahizpak eta biok egiten dugun moduan. Errezeloa dut Alfonso Ussiak Porrotxengan ideia pozointsuak jarri ote dituen. Benetan usteko al du Porrotxek Fofó hil zuela? Eta Pirritxek lagundu ziola? Eta Marimotots guztiaren lekuko izan zela?
Zinemaldian murgilduta gauden garai honetan, zinemazaleoi Victoria Eugenia antzokia txiki geratu zaigu. Izenaren aldaketa bere horretan utzi beharko dugu eta beste zerbaitetan pentsatzen hasi. Beharbada, Kursaal jauregiari aldatu beharko genioke izena, edo pailazoek leporaino betetzen duten Barakaldoko BEC erakustazokari. Porrotxek hori eta askoz ere gehiago merezi baitu. Eta bidenabar, leku zabalak direnez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek musuak lasaiago emango lituzkete. Eta bide batez, aurpegia beste behin zikinduko ligukete.
Ordu txikietan ari naiz lerro hauek idazten.Garai hauetan gure lubakia lasaiago egoten da eta burura ohera joateko ideia datorkigu. Gaueroko liburua hartzean orrialdeak markatzen dituen kartulinatxoa mesanotxean utziko dut. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen argazkia du. Loak hartu aurretik, ohe azpian begiratuko dut, Alfonso Ussia bertan ez dagoela egiaztatzeko. Idazle eta kazetari lana jolas hutsa baita, pijama jantzita ametsak esnatzea bezalakoa.