Goizean eraztuna janztea ahaztu zait. Ez pentsa eraztun dotore eta garestia denik; kristalezko uztai fin gorri bat da. Ezker eskuko hatz nagiari kiribilduta igarotzen du eguna, harik eta gau-mahaian lotan uzten dudan arte.
Arraroa badirudi ere, batzuetan eraztunik gabe etxetik ateratzea biluzik sentitzearen pareko izan daiteke. Eta egun osoa igaro dezakegu erpuruarekin hatz nagiaren azpialdea ukitzen baina alferrik, ez baita eraztunik loratuko atzamarrean.
Eraztuna etxean uztearen tragedia areagotzeko, egun osoan soinu banda berdina daukat buruan bueltaka. Ezin dut abestia burutik kendu. Okerrena da, ez dudala kantaren erdia ulertzen. Mo ghile mear izena du abestiak eta irlanderaz dago idatzia.
Eraztunik gabeko hatza ukitzen ari nintzela, Irlandako azken hauteskundeetaz akordatu naiz. Deigarria da bertako hizkuntza egoera: hauteskundeetan aurkeztu ziren talde politiko guztiek izen irlandarra zuten; baina bakar batek ere ez zuen irlanderazko bertsioa eskaintzen bere webgunean. Ingelesa zen jaun eta jabe komunikatzeko garaian. Itxura guztien arabera, izen irlandarra izateak herrialdearekiko lotura sortzen du, baina bost axola herriko hizkuntza bihar bertan hiltzen bada. Harkaitz Canok bere poema batean dio inork dezepzionatu ez gaituenaren plantak egiten ditugula beti; eta bidenabar, inor dezepzionatu ez dugula sinestarazi nahi diogula gure buruari. Beharbada hitzekin dezepzionatzeko beldurra izango dute Irlandako politikariek, eta horregatik, hizkuntza gutxitua alde batera utzi eta beste inork baino indar gehiago duen ingelesari heltzen diote.
Ez dakit gurean horrelakorik gertatuko ote den, baina errezeloa dut dezepzioaren kontuarekin ere antzerako gabiltzala. Izan ere, lagun batek egindako kalkuluen arabera, gure bizitzan 700.000 ordu agortuko ditugu, zenbaki txikia benetan, adibidez artikulu hau idazteko soilik, bi ordu pasa ditudala ikusita. Beraz, ez dago dezepzionatu aurpegia jartzeko denborarik.
Mo ghile mear eresia tankerako kanta da. Maitalea erbestea duen Éire jainikosak kontatzen du istorioa (eresia gehienetan bezala, emakumea da narratzailea). Ez dakit dezepzionatuta egongo zen emakume-jainkosa hura, edo zer pentsatuko zukeen bere hizkuntzak gaur egun duen egoera ikusiko balu. Edo beste horrenbeste, Milia Lasturko eresiako protagonistak bere, gure euskararen egoeraren berri izango balu.
Eraztuna berriz jarri dut atzamarrean. Garai batean, euskaraz hitz egiteagatik zigor moduan ezartzen zen eraztuna. Gaur aldiz, biluztu eta jantzi egiten gaitu eraztunak, nahiz eta hizkuntza aspaldian larru gorritan izan.
Ez dizuet esan, baina Mo ghile mearek nire maite ausarta esan nahi du. Ausardia eta adorea falta dituzte herriko hizkuntza babesteko. Eta guk geurea zaintzen ez badugu kaleko saltzaileen neska polita erabili ahal izango dugu eresia berri bat sortzeko.