Iragana urtez urte pilatu egiten zaigu eta aldi berean, ingurukoen ondasunak jasotzen gabiltza. Atzera begira jarri eta urrun irudikatzen dut Xabier Lete. Gurasoek, bereziki aitak utzi didan ondasuna da Leteren lana. Aitortzen dut Kontrapas abestiagatik atsegin nuela Xabier Lete entzutea txikia nintzela. Nire izena aipatzen zuen kantua hasi bezain pronto eta hori, neskatiko txiki honi deigarri eta berezia iruditzen zitzaion. Ez nuen ulertzen, noski, zergatik benedikatu behar zen Garaziko herria. Gerora izan nuen Bernat Etxepare eta bere Sautrelaren berri. Baina abestiaren ipuina Xabier Letek kantatu zidan, eta ipuinak betirako geratzen dira gure buru txiki hauskorretan. Belaunaldi berriko poeta handi batek, Castillo Suárezek, idazlearen bakardadeaz hitz egin zuen behin. Bere ustez, bakardadean bizi izan direnek luzaroan ez dakite beste era batera bizitzen. Baina era berean, bakardade hori gorroto dutela dio. Eta gatazka horrek egiten dituela berezi eta sortzaile. Xabier Lete bere kabuz joan omen zen ospitalera abendua hasi berria zela. Azkenaldian etxean zuen laguntzaileak lagundu zion ospitalera. Eta behin hara iritsitakoan, etxera joateko esan omen zion, Zainketa Berezien Unitateko kristalaren atzetik. Hori, eta eskuarekin agur. Sortzaile handiak ongi zekien amaiera hurren zuela. Nire imaginario zantar honetan Lete etxean ikusten dut. Azken aldiz janzten, azken aldiz ispilura begira, azken aldiz Urnietatik Donostiarako bidea egiten; azken aldiz inguruko guztiari begi-niniekin, iluntasunean errebelatuko diren argazkiak ateratzen. Eta hori guztia sosegurik handienarekin egiten irudikatzen dut; gutxi batzuek lortzen duten lasaitasunarekin. Lete zendu zen eraikinaren alboan, gaixorik dauden haurrak daude. Eriak hamaika aurpegi ditu: apendiziti bat izan daiteke, ondoez hutsa edo haurrengan debekatua dirudien minbizia. Haurrek senti dezaketen iluntasun eta mina leuntzeko, Arantxa eta Virginiak alaitasuna eta argia eskaintzen dute ospitaleko geletako ateak jotzen dituzten guztietan. Ospitaleko eskolako irakasleak dira Arantxa eta Virginia. Beti dute irribarre bat eskaintzeko ospitaleko haurrei. Baita ebakuntza noiz amaituko zain dauden gurasoei ere. Eta baita zenbait astetan alboan izan duten idazle kaskarrari ere. Mezuz gainezka datoz euren hitzak. Bidezkoa ez dena ikusten dute askotan: heriotza ere bisitari izaten baitute noizean behin ospitalean joka etortzen baita noizean behin. Arantxak behin esan zidan gela batean txokolate usaina sumatu zuela. Desinfektatzaile usainez beteta dauzkat oraindik sudurzuloak eta ezin txokolate usain hori nabari. Hala ere, bizitza txokolatea bezain gozoa dela erakusten dute. Maisu handiak esan zuen bezala, ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zer den ona... Beraz, eutsi diezaiogun dugunari eta zaindu zuen osasuna, txokolate usaina du-eta.