Bestaldean egotearen zoria eskaini zigun naturak ezkertioi. Eskuinen mundu zabala beste era batera etortzen zaigu begietara gure irla txikira. Oztopoz bete ziguten eskuinengandik banatzen gintuen itsaso zakarra eta noraezean ibili ohi gara besteentzat ohikoak diren txikikeriarik nimiñoenetan. Zorionez, mundua ikusteko prisma berezi bat dugu, alde bateko eta bestekoon arteko marra desagertzera eramaten gaituena.
Prismatikoak lepotik behera zintzilikatu eta munduari erreparatu diot irla txiki honetatik. Eskuinetik ezkerrera begira nagoela, urrun zirudien hura gertu antzean sumatu dut. Urrun entzuten den gauerdiko aldabaren soinu itoak min eman izan ohi dit beti. Baina oraingoan gertuko ateko aldaba jo dute eta mina prismatikoen lente handiaren pareko bihurtu da. Etxeko lagunari besoetatik kendu diote semea eta Madril aldera eraman, berriz ere ulergaitz egiten den arrazoi andanagatik. Prismatikoen beharrik gabe busti dizkit begiak hutsunea besterik sentitzen ez duten amaren malkoek. Momentu horretan desagertu egin da gure irlatxoa; ama batek barruan daraman zuloa nola bete begira hastean konturatzen bainaiz malko gaziak ezker nahiz eskuin begietatik erori ahal zaizkiola.
Kolore printzak eskaini nahi dizkizuet ama eta emakume guztioi. Horretarako, harrotasunaren kaleidoskopioa hartu eta begira hasi naiz. Aitorren baimenarekin, Hernaniko txiki-handiak margo sorta ederra bidali digu oholtza erraldoietik. Gu aldiz, bestaldetik kolore biziko hitzak jasotzen saiatu diren haurrak izan gara. Kaleidoskopioa biraka jarri digu Maialenek; jostunen egunean ere, joskeraren titare eta jostorratzez emakumeon duintasunari hari koloretsuak josi dizkio.
Eskuin begia itxi eta ezkerrekoarekin begiratzen diot kaleidoskopioaren zuloari. Koloreak koloretsu, jira eta bira. Pieza txikiek forma berriak sortzen dituzte, kolore eta ideia berriak. Sikiera semea kaleidoskopio barruan ekarri ahal banizu...