Irailaren hasieran beti nostalgia puntuak jotzen dit buruan. Amak dio, ikastolan hasi bezperan, negarrez joan nintzaiola. Beldur nintzen eta ez nuen ikastolara joan nahi. Artean ez nituen 3 urteak bete eta gezurtera onak bezala, amari, andereño gaixo jarri zela esan nion eta ez nintzela lehenengo egun hartan ikastolara joango. Baina bai, hantxe joan nintzen mantala eskuan andereño Lurdesengana; ez zegoen gaixorik, atean genuen zain. Eta ez nuen zorionez malko bakar bat ere bota. Andereñok Uztaia gora-gora kantatzen irakatsi zigun. Eta kantatzen dugu, ez pentsa, askok atsegin dugulako kanta. Koreografia du, guztiok borobilean biltzen gara dantzari trebeen modura eta ranroberraren bolantea gidari onen antzera jiratzen dugu, orain alde batera eta gero bestera.
Ranroberrik ez dugun arren, aurten oporretan herritik kanpora joateko zoria izan dugu. Zenbaiten esanetan, bidaiatzeak abertzaletasuna sendatzea dakar. Eskutitza idatziko diegu guztiei banan bana, bat ez gatozela esateko. Izan ere, gure teoriaren arabera, bidaiatzeak, gure eskualdeko zenbait bizilagunen herriak egon, badaudela jakiteko balio du. Ikastola garaian, lagunak gurasoen sorterrira joan ohi ziren udan. Ez nuen ondo ulertzen zergatik joaten ziren telebistan sekula aipatzen ez ziren herri haietara. Guk ez genuen halakorik izan, neu ere gurasoen herrian jaio bainintzen eta ez nuen zertan errepide estuetan zehar ibili behar lehengusu eta aiton amonak ikusteko.
Uda garaian, aurten gertatu den bezalatsu, etxe pareko parkean haur gutxiago ikusi ohi ziren txirristran gora eta behera. Urteroko bisita egitera joanak ziren, noski. Irailean ikastolara buelta egitean, udako gorabehera guztiak kontatzen genizkion elkarri eta zin dagizuet askotan irla desertu bezala irudikatzen nituela herri haiek. Inguruan ezer gutxi zuten, baina hamaika abentura bizi ohi zituzten bertako lagunekin batera.
Itxura guztien arabera, ez zuten Andoain faltan botatzen. Ondo pasatzen ari zirenaren seinale. Alabaina, azken egun hauetan uda garaian Andoaingo parke bat faltan botatzen duenik ere bada. Ume garaiak ez ditu ordea ordenagailuko orri zurira eraman Fundación aldizkariko kazetariak; Martin Ugalde parkeari buruz ari baita hizketan. Aurreko legegintzaldian bertako zenbait enpresek jasotako diru laguntza publikoa du aztergai. Baina kontua da, lantoki hauek guztiak terroristatzat jotzen dituela; eta nola ez, Egunkaria kasuaren barruan sartzen ditu.
Ranroberrean goazen bidaia honetan, euskarak goragalea ekarri die bati baino gehiagori. Nazka ematen die erabiltzen dugun hizkuntzak, eta nola hala erakutsi nahi dute euskaldunak terrorista hutsak garela. Baina nola ulertarazi Andoaingo parke guztietan euskara dela nagusi?
Etxetik gertu dugun Nafarroan, Ciudadanos talde politikoak Nafarroa Bairen aurkako neurriak hartuko dituela esan zuen duela gutxi. Berriozarren, legez EAEri zegokion herriko festei hasiera ematea udaletxeko balkoitik. Herriko zenbait talderentzat ez omen da zilegi, ustezko demokrazia hori urratzen duelako. Nafarroa Baiko alkateari behin eta berriz eskatu zitzaion EAEko zinegotziari zegokion lana beste bati uztea. Eta alkateak ezetz, herriak erabaki duena errespetatu behar dela.
Orain Ciudadanos taldeak ekitaldi zibilak antolatu ditu ekintza terrorista, antidemokratiko eta zergatik ez vascuencezalea gaitzesteko. Baina norbaitek prentsaurrekoan urrutirago jo du: Nafarroa Bairen ilegalizazioa ere eskatuko omen dute.
Txikiak ginela ere Nafarroan pasatzen genuen uda. Tafallan euskara gutxi entzuten genuen euskararen talibanok. Beldur naiz aurrerantzean, euskaraz ikasi nahi duten haurrak Ranroberran al parque edo hacia Navarra joatera behartuko dituzten. Tafallako uda usainaz bete ondoren, Euskararen aurkako gurutzadan dabiltzan hoien ametsa ezerezean uzteko, etxe azpian paratu eta soinuz esnaraziko ditugu: popo popo popoooo!!