Gogoan dut pasa den urtean ere urteko lehenengo Aiurrin idaztea egokitu zitzaidala. Sakeleko telefonora iritsi zitzaidan mezu batek harritu ninduen orduan: itzela izango da 2008a. Hori besterik ez zioen. Urtebete igaro da ordutik eta badakizue, inguruan duguna ikusita, urtea ez da itzela izan inondik inora. Mezuaren igorleak hobe du albisteak idazten jarraitu, etorkizuna asmatzen ibiltzea baino.
Ez nuen hitza idatzi nahi baina egin beharra daukat. Inguratzen gaituen egoerak kutsatu egin nau nonbait: inspirazio krisian nago. Urte hasi berriaren eragina izango da. Aurten gure adinaren bi zifrak aldatzen dira eta beharbada, aldaketa horrek dakarren ustezko krisiak beste hamaika krisi zabaldu ditu nigan.
Ez dut Euskal Selekzioari buruz hitz egin nahi. Ez. Aspertu egiten nau gai horrek. Nahiago dut jokalariek aipatu ez zuten Irango selekzioari buruz hitz egitea. Ez ditut jokalariak ezagutzen, ezta entrenatzailea ere. Dakidana da, emakumeek duela bi urte lortu zutela futbol zelaietara sartzeko eskubidea. Ordura arte debekatuta zuten sarrera. Badakit baita ere, Mahmud Ahmadineyad presidentearen ustez ez dagoela homosexualik Iranen. Batzuk hiltzera kondenatu zituzten, eta beste hainbat gartzelatan daude. Alde batetik pozten nau gure selekzioak halako herrialde baten aurka ez jokatu izanak.
Futbolean txarrak ginen errekreo garaian, baita korrika ere. Kirolerako gaitasun guztia pertika jauzian aritzen denak eraman zuen gurean. Hala ere, gorriz azpimarratu ditugu martxoko azken egunak eta apirilaren hasiera. Duela bi urte gertatu zen bezala, Korrika gurean izango da aurten ere. Euskaraz bizi nahi dugunon herrira gonbidapena luzatu nahi diegu erdal mingaina duten guztiei. Baita teorian euskaldun sentitzen diren guztiei ere. Askotan kosta egiten baitzaigu euskaldunoi autobus bat betetzea ere. Galdetu bestela Kontseiluak antolatu zuen ekitaldira joan zen autobus erdi hutseko jendeari. Euskalduntasunak ez du mailarik, ez du listoirik. Horiek pertika kontuak dira. Euskaldunon mailaketak bakoitzaren buruan daude; baina ezin diogu ondokoari ezer berezirik eskatu, gero gu ezer egiteko gai ez bagara. Gure inguruan bat baino gehiago dago, ezta? Baita futbol munduan ere. Gaur bertan esan du Joseba Etxeberriak, Athletic-eko kapitainak, urte berriari eskatzen diona: Espainiako Errege kopa irabaztea. Euskal jokalariak, espainiarren garaikurra jaso nahi du, nonbait. Krisiaren ondorioa izango da, ziur.
Hamabi hilabete luze eta beltz ditugu aurrez aurre. Ez omen da etorkizuneko hilabeteen bidea argi ikusten. Ez nabil txantxetan, egin kasu diodanari: albisteak idazten dituen lagunak aurten krisirik egongo ez dela esan dit mezuan. Zorte on!
2009/1/9