Lagun batek behin esan zidan, berrogei urteak beteak dituzten emakumeak inoiz baino ederragoak eta interesgarriagoak direla. Ez diot arrazoirik kenduko, egia borobila da; zure ingurura begiratzea besterik ez duzu.
Hegazkinean noala, aldizkari batean Madonnari egindako elkarrizketa bat irakurtzeko aukera izan dut. Madonna Louise Ciccone andereak mende erdia bete zuen pasa den abuztuan, eta inoiz baino ederrago azaltzen zaigu. Jakina da Photoshopak eta medikuntzak mirariak egiten dituztela famatuen azalean eta gorputzean baina Poparen erregina ez da glamourrez gainezka bizi den izarra bakarrik. Zenbaki kontutan ez naiz oso iaioa eta hatzamarrekin hasi naiz kontatzen Madonnak egiten dituen ekintzak: kantaria da, aktoresa, hiru umeren ama, ipuinak idazten ditu umeentzat eta ONG bat ere sortu zuen… Gauza askotxo izar batentzat; agian horrek egiten du Madonna interesgarri. Hala ere, estrapolazio lan merkeak egiten hasi naiz eta konturatu naiz azken finean Madonna bere adineko emakumeen berdin-berdina dela: mila gauza batera egiteko gai da eta gainera inguruko guztiei irribarre bat eskaintzeko denbora ere badu.
Denboraz eta zenbakiez ari garela, ia 130 urte pasa dira Kontxako lehen bandera jokatu zenetik. Urte kopuru berdina igaro da emakumeok Donostiako badian lehen txanpa ofiziala hartu ahal izateko. Traineru barruan doazen emakumeek ez dituzte berrogei urte bete baina interesgarri suertatu zaigu beraiek ere arraunean ikustea. Askok sinesten ez badute ere, gu ere gai gara ziaboga txukunak emateko nahiz eta telebistako irudien laguntza askorik ez izan. Beldur naiz hala ere, ez ote gaituzten zirko moduko ikuskizun bezala hartuko. Ea datorren urteotan ere erakusten dugun txanpa luzeenei ekiteko gai garela.
Ziabogari buelta eman ezinean dabiltzanak beste behin Hondarribiako zenbait herritar dira. Aterki beltzak ireki zituzten pasa den astean alarde mistoko parte hartzaileak euren paretik igaro zirenean. Aterki beltzarena sinbologia hutsa izan daiteke, alardearen festa barrutik bizi ez dugunok era batean uler dezakeguna. Baina aterkien atzetik datozen irainak ulergaitzak egiten zaizkio edozeini; kanpotik begiratzen dugun begioi behintzat bai. Berdintasuna eta errespetua defendatzen duten askori ordea, pentsaera aldatu egiten zaie tradizioaren mugarria muturren aurrean azaltzen zaienean.
Duela egun gutxiko albistea da baita ere, Madrilgo eliza batek luzatzen duen eskaintza: bi hilabeteko epean sendatzen dute bertan homosexualitatearen gaitza. Gaixotasun bezala hartzen duten aukerak buruhauste bat baino gehiago ematen die antza; etxe barruan dutenaren beldur izango dira beharbada. Has daitezela barrutik eta konta diezagutela besteoi zer demontre den sendagai magiko hori.
Beharbada Madonnari deitu beharko diogu ezin eramanaren gaixotasuna dutenak sendatzeko ONG bat sor dezan. Bitartean, lagunari kasu egin eta berrogei urteak beteak dituzten emakumeei so geratuko naiz, ea pertsona bezala hobeto jokatzen irakasten didaten.
2008ko irailaren 19a