Lau metro eta erdiko altuerako jauziak egitea ez dirudi gauza erraza denik. Pertika asko tolestu behar da eta gero indar nahikoa gordeta eduki listoiaren gainetik salto egiteko. Hala ere, espazioaren zentzua galdu egiten omen da hara gora iristerakoan; hala dio behintzat lehengusinak. Mundua hiru saiakeratara mugatzen da gainera eta guztia makil fin bat hankaz gora ez botatzean datza. Pertika Beijingo Joko Olinpikoetara begira dauka, azken asteotan bueltaka dabilen zuzia bezala. Lau urtez behin bueltaka ibiltzen den zuziari Tibet askatzearen aldeko plataformak irten zaizkio bidera; baita Tibeten bertan bizi direnak ere, orain arte komunikabideetan lekurik izan ez duten horiek. Boikotari buruz hitz egin du batek baino gehiagok. Hala ere, zuzia eskuz esku Beijingera bidean doa, segurtasun neurri zorrotzekin. Gurera heldu zen azken lekukoa Korrikaren mezua zeramana izan zen. Urtebete pasa da eta jada datorren urteari begira jarri da bat baino gehiago. Hala ere, eta barkatu atrebentzia, badirudi beste lekuko bat eskuz aldatzear gaudela. Itxura guztiaren arabera, Andoainek lekukoa utziko dio Arrasateri estatuko komunikabide guztietan. Gizabanakoaren memoria ahazkorra omen da zenbaitzutan, eta beharbada, oraingoan Andoaingo biztanleak ez gara hain gaiztoak izango gure mugetatik kanpo bizi diren horientzat. Gaiztakeria guztiak Arrasatera bidean doaz lekukoarekin, albisteetako teletipoetan.
Inolako gaiztakeriarik erakutsi ez zutenak, Gerra Zibilean fusilatu zituzten andoaindarrak izan ziren. Isilean urte ugari pasa ditu jendeak, gehiegi beharbada. Sikiera orain badugu fusilatu zituztenen izenak betirako gordeko dituen monumentua. Betirako geratuko da baita Oroituz taldeak egindako lan eskerga ere. Betirako geratuko dira garai haiek bizi izan zituztenen testigantzak, zenbait urte geroago jaio ginenok zerbait gehiago ikas dezagun.
Gerra Zibilaren inguruan mugitzen den oro da tristea; baita omenaldiak egiteko garaian suertatzen diren desadostasunak ere. Herriak apirilaren 13an egin zien omenaldia fusilatuei; Udalak aldiz, apirilaren 14an. Aurten, kasualitatez, lehenengoek errepublika Eibarren aldarrikatu zen egunean egin zuten omenaldia; bigarrenek aldiz, espainiar estatuan ofizialtasunez aldarrikatu zen egun berean. Agian gaur egunera egin daiteke estrapolazioa; atera zuek kontuak.
Bestelako kontuak egiten ez gara oso trebeak, baina esku bakarreko hatzamarrekin konta daitezke Santakrutzak arteko egunak. Txikiak ginenean bezala da, bost lo egin eta Santakrutzak. Baina aurten ere ziurrenik, herritar berdinak izango dira Bekoplazara hurbildu ezingo direnak. Urrun daude eta ezingo dute inolaz ere etxe aldera hurbildu. Beharbada zaila izango da, baina zapi urdina pertika batera lotu eta zutik ipiniz gero, agian gertuago izango ditugu.
2008ko apirilaren 25a